Beti da momentu ona inguruko herriak ezagutzeko, baina baliteke bizitzen ari garen egoera kontuan hartuta, uda hau horretarako oso aproposa izatea. Oporraldi luze bat egin dezakezu Tolosan, ez zara aspertuko. Baina gaurko artikuluan egun pasa edo asteburu pasa bat egiteko plana proposatzen dizugu.
Goizean goiz esnatu eta Tolosan ditugun kafetegi eta gozotegietan ederki gosaldu ondoren, asteburuari hasiera emateko prest izango zara.
Gure lehen gomendioa Tolosako Azoka bisitatzea da, 9:30etik aurrera zabalik izango duzu. Garaian garaiko eta kalitatezko produktuak aurkitu ahal izango dituzu 60tik gorako postuetan, Zerkausian eta Triangulon. Berdura Plazan, berriz, landare eta lore ezberdinekin egingo duzu topo eta Euskal Herria Plazan kanpoko produktuen eta ehungaien salmenta aurkituko duzu. Eta ez kezkatu, prebentzio eta segurtasun neurri guztiak hartzen ari baitira azokagile zein herritarrak.
Jarraian, tontxongiloek sortutako mundu magikoa ezagutu dezakezu, familian, lagunekin, bikotearekin zein bakarrik bisitatzeko modukoa da Topic museoa. Ba al zenekien Nazioarteko Txontxongilo Zentrorik garrantzitsuena dela? Museo Iraunkorra izateaz gain, gainera, aldi baterako erakusketak ere jartzen dituzte. Sartu webgunean eta ezagutu itzazu momentu honetan martxan dauden erakusketak! Museoa zabalik aurkituko duzu 10:30etik 14:00ra eta 15:30etik 19:00ra.
Mundu magikoan sartzeak ziur gosetu egin zaituela. Momentu paregabea da Tolosako gastronomian murgildu eta bazkal aurretik sabela goxatzeko pintxo ederrak dastatuz. Gainera, bertako produktuekin egindako miniaturazko sukaldaritza ezagutu nahi baduzu Tolosako pintxo onenen zerrenda hau osatu dugu. Ausartzen al zara guztiak dastatzera?
Eta konturatzerako, bazkaltzeko ordua iritsi da! Zure gustu gastronomikoetara egokitzen den taberna zein jatetxeen eskaintza zabala du Tolosak. Famatuak dira Tolosan parriletan sukaldatutako txuletak, sagardotegiak, baita Tolosako babarrunak ere. Baina bestelako menuak eskaintzen dituzten jatetxeak ere baditugu. Hementxe dituzu gure proposamenak!
Eta zer hobea bazkaria jaisteko Tolosatik barrena paseotxoa ematea baino? Balio historikoa duten eraikin ugari ditu Tolosak, artea ere nagusi da kalean. Guzti hori eta askoz gehiago zure kabuz bisitatu nahi badituzu, aukera paregabea dugu zuretzat. Izan ere, Tolosa zure kabuz instagram bidez ezagutzeko bisita gidatua sortu dugu uda honetan, dohainik!
Erosketak egitea gustuko baduzu bisita gidatua amaituta denbora izango duzu oraindik afalordua iritsi bitartean. Denda eskaintza paregabea dugu Tolosan, betiko denda tradizionaletatik hasita, lokal berritzaile eta alternatiboetara. Tolosan bi gune ezberdin dituzu erosketak egiteko, eta herria hain handia ez denez, oso erosoa egingo zaizu erosketak bertan egitea.
Eta konturatzerako iritsi zaizu afaltzeko garaia, dagoeneko, gainera, ezagutzen duzu Tolosako gastronomiaren kalitatea eta irrikitan egongo zara berriz ere gozatzeko. Jatetxe, erretegi edo sagardotegira joan aurretik tokia erreserbatzea gomendatzen dizugu, arazorik ez edukitzeko eta lasaiago joateko afaltzera.
Eta egunari amaiera emateko unea iristen zaizunean, lotarako gogoz egongo zara. Zuri hobe egokitzen zaizun aukeren artean aukeratu ahal izango duzu, nekazalturismoa, hotela… Hementxe duzu aukera zabala!