Hemen zaude

Tolosako landa-eremua: Bedaio

2019/08/30 |

Natura, lasaitasuna, trekkinga, ondarea, kultura…Mila arrazoi daude urtean zehar Tolosako landa-auzoak bisitatzeko: Urkizu, Aldaba, Montezkue... Baina, irailean bereziki Bedaio auzoa bisitatzea merezi du. Zergatik?

1. Helmuga berdingabea

Bedaio auzoa oso berezia da, ezkutuko altxor bat. Tolosako herrigunetik 17 kilometrora dago, mendiz eta udalerri mugakideen lurrez inguratuta, eta ehun biztanletik behera ditu. Baditu bi interesgune ordea: XVI. mendeko Jasokundeko Andre Mariaren eliza eta Gipuzkoako baserririk zaharrena.

Bedaio Baserria Rural Caserio Tolosa Entorno

2. Mendi-ibilbideetarako ezin hobea

Pagadiz eta mendiz inguratutako helmuga naturala ere bada. Iparraldeko muturrean Aralar Parke Naturala dago, eta, hantxe, Tolosako punturik garaiena, Artubi mendia (1.254 metro). Ikuspegi zoragarriak ditu Araitz haranera edo Aralar mendilerrora.

Udako giroa aprobetxatuz tontorreraino mendi-ibilbide bat antolatu nahi baduzu, Bedaio abiapuntu garrantzitsua da, nahiz eta inguruko herrietatik, Amezketa, Altzo edo Azkarate kasu, ibilaldi errazagoak ere egin daitezkeen.

Bedaio Baserria Rural Caserio Tolosa Entorno

3. Kultura basoaren erdi-erdian

Antzina, bide batek Bedaio eta Azkarate lotzen zituen. Zarateko pasabidea da Gipuzkoako eta Nafarroako bi herri horien arteko muga. Udan, erreferentzia kultural bat izaten da, Azken Muga proiektuaren barruan kontzertuak, erakusketak, dantzak, antzerkia eta emanaldi zinematografikoak antolatzen direlako. Hona hemen 2019ko hitzorduak:

  • Abuztuak 30, ostirala: Erraiak dokumentala eta Altzoko irrintziak
  • Irailak 6-22: Euskal Herriko ilustratzaileak Zaratetxen
  • Irailak 13, ostirala: Jazz kontzertua Crazzy Jazzers taldearekin
  • Irailak 14, larunbata: bertsoak, herri kirolak eta gazta-lehiaketa
  • Irailak 21, larunbata. Et Incarnatus orkestraren kontzertua
  • Irailak 22, igandea: Ortensia izan nahi dut, Abarka antzerki-taldea

4. Bedaioko festak

Irailaren hasieran Ama Birjinaren jaiak ospatzen dira Bedaion. Aurten, irailaren 6tik 8ra izango dira. Bedaion jatorria duen Ingurutxo dantza herrikoia da jaien berezitasunik handiena. Gerra Zibilaren aurretik, igande guztietan eta egun seinalatuetan dantzatzen zen, baina gero ohitura galdu zen, Udaberri dantza-taldeak 70eko hamarkadan berreskuratu zuen arte. Aurten, hilaren 8an dantzatuko da, 19:00ak inguruan. Hamabi bat gizon-emakumek erlojuaren orratzen kontrako zentzuan dantzatzen dute, eta aurretik etxezainak doaz, beren bikotekideekin. Zalantzarik gabe, aukera aproposa da euskal folklore aberatsa ezagutu ahal izateko. Hona hemen 2019ko jaien programa:

Irailak 6, ostirala

  • 19:00. Txupinazoa eta Sutarri dantza-taldea
  • 19:30. Patata-tortilla lehiaketa eta pintxo-potea, bertsolariek eta dantzariek girotua
  • 21:00. Afari herrikoia. Gero, Elustondo anai-arrebekin dantzaldia. Goizaldean, baratxuri-zopa eta txokolatea, elkartean.

Irailak 7, larunbata

  • 17:00. Haur-jolasak
  • 19:00. Ipuin-kontalaria
  • 21:00. Afari herrikoia. Gero, erromeria Izer eta Alabier eta Ansorregi eta Larrañagarekin. Goizaldean, baratxuri-zopa eta txokolatea

Irailak 8, igandea

  • 11:00. Meza. Gero, hamaiketakoa trikitilariek girotua
  • 13:00. Txirrindulari lasterketa: XXX. Bedaiora igoera
  • 18:00. Herri kirolak: harriak altxatzea eta enborrak moztea
  • 19:00.19:00. Ingurutxoa
  • 21:00. Afaria Artubi elkartean: mondejua eta ardi-gisatua
  • 24:00. Festei amaiera emateko su artifizialak

Bedaio Tolosa Festak Rural Baserrria Berde Verde Aizkora Aizkolariak

5. Zikloturistentzat

Bedaion amaitzen da bidea, eta, beraz, ez da trafiko asko egoten, zikloturistentzat toki aproposa delarik. Alegian, Amezketara doan GI-2133 errepidea hartu behar da, eta, Ugartera iristean, Bedaioko bidegurutzea dago, 6,5 kilometro inguruko igoera bat. Portu gehiagoren bila bazabiltza, Larraitz gainaldera edo Altzora igo zaitezke.

Bedaio