Usted está aquí

UDARAN TOLOSA BISITATZEKO GIDA PRAKTIKOA

07/04/2022 |

Zure planen barruan badago udarako oporraldia Tolosan pasatzea, edo besterik gabe egunpasa etortzeko intentzioa baduzu, erabili zuretzako prestatu dugun ‘Tolosa bisitatzeko gida praktikoa’. Euskal hiriburuetatik kilometro gutxira gaude, ez zara damutuko gure herria dastatzeaz! Familiarekin, bikotearekin, taldeekin edo bakarrik ihesalditxo bat egiteko aproposa.

 

 

Gida honetan topatuko duzu:

 

 

NOLA EGIN BISITA?

 

Hainbat aukera dituzu, turismoa egitera zoazenean egitea gustatzen zaizunaren arabera.

 

Zure kabuz: zure kasa ibiltzea gustatzen bazaizu, aurikularrekin eta belarrietan gure podcasta jarrita egitea proposatzen dizugu: Spotifyn 18 kapitulu dituen kanal bat dugu, bisitatzea gomendatzen dugun leku bakoitzeko bat. Leku interesgarri bakoitzean aurkituko dituzun QR kodeak eskaneatuz entzun dezakezu, edo ibilbide osoa egin dezakezu (hemen klik eginda topatuko dituzu audioak). Bestela, bilatu “Tolosa Turismo” zure Spotify aplikazioan.

 

 

Gidarekin: nahiago baduzu talde batekin eta Tolosa inork baino hobeto ezagutzen duen gida batekin egin dezakezu bisita. UdaranTolosako Alde Zaharra, larunbatetako azoka tradizionala eta Santa Maria parrokiako ganga historikoak ikusteko bisita gidatuak izango ditugu.


Bi kasuetan, gure turismo-bulego berritua bisitatzera animatzen zaitugu. Aste osoan egongo da irekita! Bisita gidatuen, ordutegien, erreserben, tokiko produktuen eta eskualdean egin ditzakezun planen berri emango dizugu. Klik eginda, non gauden ikus dezakezu.

 

 

ZER IKUSI?

 

 

Gipuzkoako alde zahar xarmagarriena:

 

Antzina Tolosa irla bat zen, eta gaur egun oraindik ere Triangulo plazan dagoen Gaztelako Arkuak ia 800 urteko historia duen herriko alde zaharrera sartzeko aukera emango dizu. Galtzada-harrizko kale hauetan barrena ibiltzea oso interesgarria da. Bitartean, zaldi-karruselak herria gurutzatzen irudikatu ditzakezu, erreka bi aldeetatik igarotzen dela. Tolosako historia markatu zuten jauregi zaharren ikurrak ere topatuko dituzu. Gipuzkoako alde zahar xarmagarriena da!

 

 

Larunbat batez bazatoz, ez ahaztu azoka daukagula:

 

Zure bisita larunbatean erortzen bada, bete-betean asmatu duzu. Tolosako azoka tradizionala urteko larunbat guztietan egiten da, 3 plazatan: Zerkausia, Berdura plaza eta Euskal Herria plaza. Aprobetxatu paseatuz euskal gastronomiako produktu berezi guztiak begiztatzeko: probatu ekoizleak eskaintzen dizun gazta-zati hori, galdetu garaiko barazkiak nola kozinatu, eta ez ahaztu babarrunak, Tolosatik eraman beharreko produktua. Tolosako Azokaren inguruan gehiago jakiteko, egin klik hemen. 

 

 

 

Santa Maria parrokia, gangak eta zaharberritutako Eugenio Azkueren pinturak:

 

Bazenekien Santa Maria Gipuzkoako bigarren eliza handiena dela? Parrokia berez ikusgarria bada, are ikaragarriagoa da gangak, organoa, artxibo zaharra, Santa Maria elizaren museoa eta zaharberritu berri diren Eugenio Azkueren pinturak bisitatzeko aukera izatea. Bisita gidatuak bakarrik egin ahal izango dira, aldez aurretik erreserba eginda (informazioa turismo bulegoan edo 943 697 413 telefono zenbakian).

 

 

 

TOPIC museoa:

 

Ikusi non hartzen duten atseden mundu osoko txotxongiloek. Kanpotik eraikin enblematiko bat dirudiena, barrutik zapiz eta hariz egindako unibertso bat da. TOPIC Euskal Herria plazan dago (herri osoko plaza girotsuena da). Europako txotxongiloei eskainitako zentro integral bakarra da. Museo honen inguruan gehiago irakurtzeko, egin klik hemen. 

 

 

NON BAZKALDU EDO AFALDU?

 

Tolosaren zaporea beti oroituko duzun sentimendu horietako bat izango da, eta ezingo duzu ez ahosabaitik ezta burutik kendu. Mahai baten inguruan esperientzia gastronomikoa bizitzeko leku paregabea da. Sua, txingarrak, txuleta, babarrunak, pintxoak… Zein jango zenuke aurrena? Bai, guztiak dastatzeko astia daukazu!

 

 

Erretegiak:

 

Planik tradizionalena Tolosan kokatuta dauden 4 erretegietako batera joatea izan ohi da. 60ko hamarkadan, txahalaren haragiaren ordez idiarena jartzen hasi ziren; eta hainbesteko arrakasta izan zuen, plater nagusia bihurtu baitzen. Txahal-txuleta ere lantzen da oraindik, eta gaur egun, batez ere, behi zaharrarena. Urte osoan milaka bisitari etortzen dira mundu osotik, gure erretegietara. Egin klik Tolosako erretegien inguruan gehiago irakurtzeko.

 

 

Sagardotegiak:

 

Txuleta on bat dastatzeko beste modu (zoragarri) bat izan liteke sagardotegietara bertaratzea, non giroa animatuagoa izango den agian, baina ez horregatik tradizio gutxiagokoa.

Kupel bakoitzak sagardo ezberdin bat du (5-10 artean egon daitezke), eta sagardotegiko jabeak edo arduradunak kupel bat irekitzen duen bakoitzean, “TXOOOOTX” ospetsua oihukatzen da: horrek esan nahi du sagardo berri bat dastatzeko aukera duzula (kupel guztiak ez daude irekita denbora guztian!). Sagardotegi bat nolakoa den ez badakizu, gehiago irakur dezakezu sagardoaren kultura honi buruz, post honetan.

Pintxoak, errazioak eta platerak:

 

Bazkari luzerik izan gabe zerbait pikatzen geratzeko aukera ere badago Tolosan: pintxoak dastatzeko taberna eta jatetxeen bila paseatzea gomendatzen dizugu (Gipuzkoako pintxorik onenak dira, hitz ematen dugu!). Bertako produktuekin kozinatutako hamaika errazio eta plater izango dituzu partekatzeko.

 

Gehien erabiltzen diren bidaiari-foroetan oinarrituta, 6 taberna/jatetxeren zerrenda txiki bat uzten dizugu, baina jakin gure kaleetan zehar askoz aukera gehiago aurkituko dituzula:

 

 

 

NON LO EGIN?

 

Eguna amaitzeko edo zure Aste Santutako bidaiaren oinarrizko ‘kanpaleku’ gisa, Tolosak eskaintzen dizun atsedenaz gozatzea gomendatzen dizugu. Hobekien datorkizuna aukeratu: hotelak, nekazalturismoak, ostatuak… Eta atseden hartzera!

 

 

NOLA IRITSI TOLOSARA?

 

Galdera hau amaierarako utzi izanagatik ere, ez diogu garrantzia kendu nahi, Tolosa oso irisgarria baita. Zure autoan nahiz beste garraiobide batean etortzeko asmoa baduzu, hona hemen dituzun aukerak

 

Hegazkinez bazatoz:

 

5 aireportu ezberdin dituzu inguruan, lurreratzeko. Hemen zerrenda eta distantzia

  • Donostiako aireportua | Aeropuerto de San Sebastián (EAS) : 30 minutura.
  • Iruñako aireportua | Aeropuerto de Pamplona (PNA) : ordubetera.
  • Bilboko aireportua | Aeropuerto de Bilbao (BIO) : ordubetera.
  • Gasteizko aireportua | Aeropuerto de Vitoria (VIT): ordubetera.
  • Biarritzeko aireportua | Aeropuerto de Biarritz (BIQ) : ordubetera.
 

Garraio publikoan bazatoz:

 

Ia Espainia osotik iristen dira hainbat autobus konpainia (Alsa, Monbus…). Gertuko geltokietatik nahiz EAEko hiriburuetatik ere iritsi zaitezke, Pesa eta Lurraldebusen autobusetan. Trena erosoagoa iruditzen bazaizu, Tolosa Donostiako Aldirietako Trenen sarearen barruan dago (Renfe), eta Renfe/Avant-en Distantzia Ertaineko zenbait ibilbideren barruan ere gelditzen da.


Autoan bazatoz:

 

Seguru asko, ez dizugu azaldu behar nola bilatu Tolosa autoaren nabigatzailean, baina artikulu bat dugu zuretzat interesgarria izango dena: non aparkatu Tolosan.

 

 

Zure interesekoa delakoan…