Hemen zaude

Tolosa eta inguruetan egiteko 5 mendi ibilaldi

2020/05/27 |

Tolosa mendiz inguratuta dago: Uzturre, Hernio, Aralar mendilerroa... Artikulu honetan proposatzen dizkizugu bost ibilbide, Tolosa inguruan oinez egiteko, maila eta publiko guztientzat pentsatuak, bakoitzaren zailtasunaren arabera.

 

1. Tolosa - Uzturre - Tolosa
 

Distantzia: 10 Km | Zailtasuna: Ertaina | Iraupena: 2:45 | Ibilbidearen mapa

Tolosako ibilbiderik ezagunenarekin hasiko gara, herriko postal gehienetan ikusten den mendira igoz. Tolosatik Uzturre mendiaren (730 m.) tontorrera iristeak ordubete inguru eskatzen du, eta iristeko modu asko dauden arren, bi dira biderik ohikoenak: hegoaldetik Ibarrako Izaskun auzoa zeharkatzen duena, edo Miserikordia zaharraren aurriak zeharkatuz ekialdetik igotzen dena. 

Bi bideetako batetik igotzea proposatzen dizugu, eta bestetik jaistea. Hegoaldeko bidea, eguzkitsua oso, Santa Klara ermitatik Izaskun baselizara doan errepidetik abiatzen da. Zati hori egin daiteke errepidez nahiz N1 autobideko zubia igaro ondoren eskuinetara hasten diren eskailera batzuetatik.

Beste bidea aukera aukeratuz gero, Santa Lutzia auzora hurbildu beharko duzu. Samaniego Ikastetxeko aparkalekura iritsitakoan, Uzturre mendiaren horma nagusira daraman bidea hartu beharko da. Ibilbide erdian, antzinako Miserikordia egoitzaren hondakin eta putzuetara iritsiko zara: oso leku berezia da, duela urte gutxi batzuk berreskuratu eta zaharberritu zena. 

Bi ibilbideen zailtasuna antzekoa da: agian leherkorragoa da ekialdeko bidearen lehen erdia; aldiz, hegoaldeko ibilbidearen zatirik gogorrena erditik aurrera hasten da.

Ibilbidea luzatzeko gomendioa: behin tontorrean, iparralderantz jarrai dezakezu, Loatzo menditik pasaz, Amasara iritsi arte; ekialdetik Berastegiraino jarrai dezakezu. 

 

2. Tolosa - Urkizu - Tolosa


Distantzia: 10 Km | Zailtasuna: Ertaina | Iraupena: 3:00 | Ibilbidearen mapa

Beste ibilbide zirkular eder bat Urkizu landa-auzora garamatzana da. Uzturren baino jende gutxiago ibiltzen da bide horietatik, baina Tolosaren ikuspegi panoramiko ederra eskaintzen du, Uzturreren kontrako aldetik. 

Ibilbidea Trianguloa plazan hasten da, eta San Frantzisko elizaren saihetsetik irteten den galtzada-harrizko bidea hartzen da, Montezkue auzora doana. Handik pista bat ateratzen da, ehiza postuak inguratuz, eta Urkizun amaitzen da (522 m.). Merezi du auzo lasaian zehar buelta bat eman eta bertako ikuspegiez gozatzea.

 

Jaitsierarako, 'Lizardiren ibilbidea' deituriko bidetik desbideratzea gomendatzen dizugu. Euskal Kultur Pizkundearen erreferente den Xabier Lizardiren hainbat olerki ezagun biltzen ditu bideak, bere oroimeneko monumentura iritsi arte. Monumentua Korteta landetxetik ordu laurden eskasera geratzen da, eta puntu horretatik egiten den jaitsiera asfalto bidez egiten da, San Esteban auzora iritsi arte. 


Ibilbidea luzatzeko gomendioa: Urkizuko iturritik igotzen den bideari jarraituz Mendikutera irits daiteke, Erdi Aroko gaztelu-dorrearen aztarnak dauden mendiraino, edo Hernioraino, Herniozabaldik igarota.

 

3. Tolosa - 7 bideak - Tolosa


Distantzia: 7 Km | Zailtasuna: Erraza | Iraupena: 1:30 | Ibilbidearen mapa

Desnibel handirik gabeko ibilbide errazago baten bila bazabiltza, Leaburura igotzea da gomendagarriena. Ibilbide xume eta lasaia da. 

Bideak San Blas auzoa zeharkatzen du, auzoaren izen bereko ermita ederraren albotik. Behin hilerrira iritsita errepidea amaitzen denean, Zazpibideak izenez ezagutzen den bidea hartu behar da; hain zuzen, Leaburura iritsi baino lehen zazpi bidek bat egiten duten bidegurutze batetik hartzen du izen hori. 

Bide guztiek daramate... Tolosara berriro ere. Hainbat aukera daude itzultzeko: Euletxaga mendi txikia inguratzea, Txarama auzora jaistea, Leaburu edo Belauntzatik barrena jaistea… 

Ibilbidea luzatzeko gomendioa: behin Leaburura iritsita, Erroizpe edo Larte mendiaren tontorrera iritsi eta Gaztelura jaistea aukera ona da; baita haratago joatea ere, Uli mendirantz.

 

4. Tolosa - Anoeta - Osintzulo - Tolosa


Distantzia: 10 Km | Zailtasuna: Erraza | Iraupena: 2:00 | Ibilbidearen mapa

Osintzuloko ur-jauzia eta putzua bisitatzea izan daiteke beste aukeretako bat. Leku ezkutu horretara iristeko, Tolosatik hiru kilometro eskasera dagoen Anoeta herriko erdigunera iritsi, eta Alkizara daraman errepidea hartu behar da. Behin zentralera iritsita, albo batetik ateratzen den bidetik desbideratu behar da, ur-jauzira iritsi arte. 

Ibilbidea luzatzeko gomendioa: errepidetik itzuli beharrean, mendiz Hernialdetik igarota itzuli daiteke, edo Alkizaraino igo daiteke, handik haran osoa igaroz. 

 

5. Bedaio - Artubi - Buruntzunzin - Minak - San Martin


Distantzia: 15 Km | Zailtasuna: Altua | Iraupena: 5:30 | Ibilbidearen mapa

Eta mendibide luzeagoen bila dabiltzanentzat, Aralar mendilerroan barneratzea da aukerarik onena. Aralarko Parke Naturala altxor berde ikusgarria da, eta dozenaka ibilbide eta tontor ditu. Tolosako mendirik garaienera igotzea proposatzen dizugu: Artubi mendia (1.263 m.), Aralarko Malloen tontorretako lehena. 

Ibilbidea Bedaion hasten da, Tolosako landa-auzo ederrean, erdigunetik 17 kilometrora kokatua eta inguruko beste udalerri batzuetako lurrez inguratua. 

Artubi mendira doana bide zorrotza da, baina ahaleginak merezi du, tontorretik 360º-ko ikuspegi zoragarriaz gozatzeko aukera baitago: Txindoki mendia, eta Araitz edo Arritzaga bailarak ikus daitezke. 

Hain zuzen, azken haran horretatik egiten da jaitsieretako bat –oso teknikoa, bederen– Buruntzunzin meategi zaharretatik barrena, Amezketako San Martin ermitara iritsi arte. Zabalegi tontorretik jaistea da beste aukeretako bat.


Foto: Wikiloc - BPlazaola

Ibilbidea luzatzeko gomendioa: Artubiko gailurrari jarraituz, berehala irits daiteke Balerdi mendiaren tontorrera, Malloetako eta Aralarko mendaterik handienetakora. Beste aukeretako bat Bedaiotik Tolosara oinez itzultzea da, Otsabio mendiaren magaletik Altzo zeharkatuz.

Azkenengo berriak