You are here

Zer egin Tolosan, egongo zaren denboraren arabera

16/03/2021 |

Udaberria Tolosara hurbildu eta goizpasa, egunpasa edota asteburu pasa bat egiteko aproposa da, garai horretan gastronomiak eta kultur eskaintzak indar berezia hartzen baitute. Jarraian, Tolosan pasako duzun denboraren arabera egin ditzakezun hainbat plan ezberdin proposatuko dizkizugu, San Jose zubian edota Aste Santuan bisita bat egiteko asmoa baduzu kontuan izan ditzazun. 

Gure lehen gomendioa da Turismo bulegora gerturatzea, bertan lagunduko baitizute herrian izango zaren denboraren arabera, zure gustoko plan bat osatzen, Tolosako txoko guztiak ezagutu ditzazun. (Hemen aurkitu dezakezu Turismo bulegoa).

 

 

 

 

Tolosara goiz/arratsalde pasa egitera bazatoz:

 

Eskaintza zabala du Tolosak herrian ordu gutxi batzuk bakarrik igarotzeko aukera dutenentzat ere. Naturzalea, kulturzalea edota plan lasai baten bila dabilen bisitaria bazara, goiz edota arratsalde batean egiteko moduko ekintza ezberdin asko aurki ditzakezu Tolosan.

 

Tolosako kaleetan zehar galdu eta herriko eraikin, plaza eta kale zabalak bixitatzea da herria ezagutzeko aukerarik egokiena. Segituan konturatuko zara herrian dagoen saltoki-eskaintza zabalaz, izan ere, denetik erosi dezakezu Tolosan!

 

Eguraldi ona egokituz gero, Tolosako parke eta gune naturalak bisita ditzakezu gainera. Eta herrian bertan kokatutako gune naturalez gain, abentura gehiago nahi baduzu, mendira joatea eta Aldaba, Bedaio eta Urkizu landa-auzoak bisitatzea proposatzen dizugu. Uzturre tontorreko gurutzea Tolosa osotik ikusten da, eta Tolosaldeako paisaia ikusteko behatoki paregabea da. Tolosatik Uzturrera igotzeko ibilbidea ikusteko, sakatu hemen.

 

Abenturazalea baina gehiago kulturzalea bazara lasai, Tolosak baduelako zer eskainia zuretzat ere. Lehen aipatu bezala, Tolosako kaleetan barrena galdu eta herriko eraikin historiko garrantzitsuenak bisita ditzakezu (gure instagrameko kontuan aurki ditzakezuen gidak jarrai ditzakezue) eta TOPIC museoko edota Aranburu Jauregiko erakusketak bisitatzeko aukera ere izango duzu.

 

Hori bai: larunbat goizean etorriz gero, ezin duzu Tolosako Azoka entzutetsua galdu. Zerkausian eta Berdura eta Euskal Herria plazetan banatzen da, eta tokiko eta kanpoko ekoizleek larunbatero-larunbatero ekartzen dituzten jaki gozoak aurkituko dituzu bertan. 

Galdu ezin duzun beste gauza bat, Tolosako kafetegi, taberna eta jatetxeetan lasai-lasai eseri eta hamaiketakorako edota meriendatzeko gozo edota pintxo bat jatea da.

 

 

Tolosara egun pasa egitera bazatoz:

Gure herria bisitatzeko egun pasa egitera bazatoz, goian aipatu dizkizugun plan horiek guztietaz gain, ezin duzu galdu herrian jateko aukera. Bazkari, afari edo mokaduei dagokienean, Tolosak eskaintza gastronomiko zabala ematen dizu. Pintxoekin gozatzera atera zaitezke, eguneko menua jatera eseri, lagunekin anoatxo batzuk partekatu edota plater konbinatu goxoa dastatu… baita erretegi tolosarren txuletoi famatuak probatu ere. 

Herriko jatetxe eskaintza zabala ezagutu nahi baduzu, hemen uzten dizkizugu aukera ezberdinak.

Umeekin etorriz gero, ez ezazu galdu TOPIC museoa bisitatzeko aukera. Txotxongiloei eskainitako mundu mailako museo honek etxeko txikienentzako ekintza paregabeak eskaintzen ditu.

 

Asteburu Pasa Tolosan

Azkenik, Tolosara asteburu pasa etortzeko intentzioa baduzu, atseden hartzeko lekuren bat beharko duzu. Herrian bertan kokatutako hotel eta pentsioez gain, natur inguruan kokatutako nekazal turismoa era aurki dezakezu gure herrian.

Tolosan lo egiteko tokien eskaintza hemen klik eginda topa dezakezu.