You are here

Iraileko igandeak: mendi-irteera eta Hernion festa

11/09/2019 |

Gipuzkoako mendi ezagunetako bat da Hernio (1.078 m.). Babes Bereziko Eremu gisa aitortuta dago, eta urte osoan zehar milaka bisitari izaten ditu, nahiz eta irailean bereziki jendetza biltzen den.

Izan ere, tradizioari jarraikiz, hilabete honetako igande guztietan erromeriak egiten dira Zelatun mendi-lepoan (859 m.). Egun horietako jai-giroa aprobetxatuz, egun osoko mendi-irteerak antolatzen dituzte inguruko herrietan bizi direnek. 

Tontorretik bueltan, astebururo, eta maiatzetik urrira egunero, zabalik egoten diren Antonio eta Agirretxe borden artean kontzentratzen da jai-giroa, Zelatuneko zelaietan.  

Toki perfektua da atseden hartu eta txorizo edo haragi egosiaren mokadu bat eta salda beroa hartzeko. Behin indarberrituta, ez dago aitzakiarik zonako trikitilariekin fandangoen, pasodobleen edo kalejiren erritmora dantzatzeko. Oso giro berezia sortzen da.

Mendi honen bitxikeria handienetako bat tontorraren azpian dago, azkeneko aldapa hasi baino lehen hain justu. Han jarritako gurutzeetako batek burdinazko bost erantzun ditu. Ohiturak dio eraztun guztietatik igaro behar dela minak kendu eta hezurrak sendotzeko. Eraztunetatik hiru aldiz pasatzen denik ere badago! 

Badira 50 urte baino gehiago toki horretan bertan xingola gorri, berde eta zuri tradizionalak, gurutzeak eta zintzarriak saltzen direla. 

Nola heldu Herniora 

Bi bide daude Tolosatik Herniora iristeko. Lehenbizikoa herrigunetik igotzea da, San Frantzisko elizatik Montezkue auzora norabidean, eta, gero, Urkizu auzorantz jotzea.

Beste aukera Urkizu auzotik igotzea da. Autoa han uztea dago. Bideak Iraolako eta Mendikuteko pagadi zoragarria inguratzen du. Nafarroako Erresumaren Erdi Aroko gotorleku baten hondar arkeologikoak aurkitzen dira bertan.

Tolosatik: 23 km, 6 ordu baino gehiago, 1.184 m-ko desnibela. Wikiloc

Urkizutik: 15 km, ia 5 ordu, 955 m-ko desnibela. Wikiloc

Zailtasuna: ertaina

Beste abiapuntu batzuk: Alkiza, Iturriotz (Asteasu), Larraul, Albiztur, Bidania-Goiatz, Errezil (trintxerako antzinako babeslekua).