Hauxe da azokak larunbat goizetan hemen sortzen duen giroa. Tolosak gaur egun duen merkataritza- eta kultura-bizitzaren berri ematen duen gertakaria da.
Azoka XIII. mendeaz geroztik egiten da. Hasieran, Udaletxeko plazan egiten zen. 1785. urtean, berriz, Zerkausia eraiki zen, eta, harrezkero, bertan egin da azoka. Azokaren kokapena ez da kasualitatea, inondik ere. XVIII. mendeko bi biderik garrantzitsuenen artean dago: Gaztelako Errege Bidea eta ibaia zeharkatzen duen zubitik Nafarroara zihoan bidea. Azoka nahitaezko geralekua zen trukea egiteko.
Lehen Zerkausia, zurezkoa, 1898an eraitsi zen, eta herri-bozketa bat egin zen berria non kokatuko zen erabakitzeko. Azkenean, leku berean berreraikitzea erabaki zen, eta burdinurtuz eta hormigoiz egin zen. Balkoiak eta bi dorreak 1927an erantsi zitzaizkion.
2006an, zaharberritu egin zen, eta orduan hartu zuen orain duen itxura. Kristalezko hainbat xafla ipini ziren zoruan. Aurkitu xaflak eta jarri begira; Erdi Aroko harresiaren aztarnak ikusi ahal izango dituzu. Harresi horrek ematen dio izena euskaraz: Zerkausia (“zerka hautsia”)
Harrezkero, Zerkausia ez da bertako produktuak saltzeko eta erosteko leku bat, besterik gabe. Produktuak dastatzeko lekua ere bada. Izan ere, jantoki bihurtzen da urtean hainbat alditan, hain zuzen ere Babarrunaren festan, Bisiguaren festan edo “Txuleta, haragia eta txingarraren” festan (HARAGI bezala ezaguna gaur egun). Imajinatzen al dituzu parrilak, usainak, giroa…? Probatzera gonbidatu nahi zaitugu, ez zaizu damutuko!
Jarraitu ibilbidea bisitaren hurrengo punturaino: Naparzubia.