Hemen zaude

Triangulo Plazaren erdigunean, eraberritze lanak

2023/10/03 |

Plazaren erdian dagoen Jorge Oteizaren ‘Atauts’ eskultura zaharberritzen ari dira

Kultur etxea eta Gaztelako arku aurrean dago kokatuta ‘Atauts’ izeneko altzairuzko obra, gure gaurko protagonista. Egun, eraberritzen ari dira, altzairua material zaila baita, noizbehinka garbitzea eskatzen duelarik. Prozesuak ez du asko iraungo, baina lanak amaitu arte segurtasun hesiez inguratuta egongo da.

Txukun jartzen duten bitartean, obra honen zenbait bitxikeria ezagutzeko momentu ezin hobea da. Hor doaz!

Ba al zenekien...

      1. XX. mendeko euskal herritar eskultore garrantzitsuenetariko batek eraiki zuela?

Halaxe da, bai. Jorge Oteiza eskultoreak 1994. urtean bukatu zuen eraikitzen eta Tolosari udalerriko eskultura sinbolikoenetako bat eman zion. Bere lanetan magia eta espiritualtasuna, bereziki Euskal Herrikoak, abangoardiako mugimenduen berrikuntza formalekin uztartzen jakin zuen eta bere garaiko eskultorerik ezagunenetarikoa izan zen Eduardo Txillidarekin batera.

      2. Izen berezi-berezia duela?

Harrigarria bada eskultura, izenak ere badu bere zer esana: ‘Ate’ eta ‘huts’ terminoak biltzen baititu eta, artistaren hitzetan, “herrian sartzeko eta herritarrak ezagutzeko atea” irudikatzen baitu.

Horregatik, ‘Atauts’ eskultura herrira sartzeko eta ateratzeko erabiltzen den atea dela esan genezake.

      3. Eraikitze prozesuak 2 urte iraun zituela?

TEE Tolosako Ekinbide Etxearen enkarguz, 1992an ekin zion eskultura eraikitzeari,  errakundearen 25. urteurrenaren harira. Irabazirik gabeko elkarteak, hiribilduko ezagutza eta kultura sustatzea du helburu.

      4. Eskultorearen obrarik handienetakoa dela?

Bai, bai, Tolosako Alde Zaharra bere zabalgunerik modernoenarekin lotzen duen ate hau eskultorearen obra handienetako bat da; zabalera eta sakoneran bost metro neurtzen ditu eta altueran, berriz, beste hiru!

      5. Historia aberatsa duela atzean?

Izan ere, Gaztelako Arkua du parean. Harria metalaren kontra, bien oinarrian iragana: egun, arkuak bere funtzio original hori galdu badu ere, Tolosako ikur bilakatu da ‘Atauts’-ekin batera, bien balio historikoagatik.

Horra hor bitxikeriak, hemendik aurrera Atauts eskultura begiratzean honen atzean dagoen istorioak jakingo dituzu, ez al da aberasgarria? Oraingo egoeran, ezingo da atea zeharkatu. Paseoa behin lanak amaituta daudenerako utzi beharko da, eskultura osoaren edertasuna apreziatzeko. Orduan bai, eskulturaz bere osotasunean gozatzeko aukera izango da.