Otsailaren 3an Kaldereroen etorrerak iragarriko ditu Tolosako Inauteriak. Askoren egutegietan ondo markatutako eguna da: jendetza, giro paregabea eta festarako gosea uztartzen ditu.
Tolosako Inauteriak, modu ofizialean, Ostegun Gizeneko txupinazoak hasten baditu ere, egun batzuk lehenago hasten da jai giroa. Beste herri batzuetan ez bezala, Tolosan inauterien aurreko larunbatean ospatu ohi da Kalderero Eguna. Xarma ugari du bertakoentzat nahiz bisitarientzat:
Festa giroa, goizetik
Larunbata izanik, Tolosan goizean goizetik nabari da jai-egun handienen usaina. Baina ez da ohiko azoka egun bat. Aiz Orratz-Veleta elkarteak antolatuta, haur-jaialdia izaten da, eguerdian, Leidor Aretoan. Aurretik, ordea, elkarteko txaranga eta Erraldoi eta Buruhandien konpartsa kalez kale ibiltzen dira etxeko txikienen gozamenerako.
Kaldereroen konpartsa, festa herrikoia
Tolosako Kaldereroak arratsaldean irteten dira kalera. Bandak lagundutako konpartsa handi batek herriko kaleak zeharkatzen ditu ordubetez, eta zartaginak mailuekin kolpatuz.
Festa barrutik ere bizi daiteke, edonork parte har baitezake konpartsan. Ez da askorik behar horretarako: arropa zaharrak eta urre koloreko koilareak jantzi, kapela edo zapi batekin burua estali, eta astindu zartagina! Eta kantak ez badituzu ezagutzen, ez larritu, alboko kalderero kuadrilari begiratuz segituan ikasiko dituzu! Letra ere badute batzuk:
Zein Ederra
Zein ederra, zein xarmanta
Tolosako inauteria?
herri jator tolosarra
agurtuz dugu atsegina.
Hungariako kaldereroak gara
etorriz Tolosaldera
laister Momok aginduko digu
nahiz eguna nahiz eta gaua
Inauteri alaiaren iragarle gu gara
Ai atsegina eta algara
Aizak, jozak, jozak
Aizan, jozan, jozan.
Adiskide maiteok
Adiskide maiteok
ekin bai lanari
Kriseilu, lapiko, pertzak
burruntzali eta eltzeak
aise konpontzen gu gara
merke eta trebeak.
Eta lana musu truke
pozik egingo genuke
hor beheko neska polittek
eskatzen badigute.
Tolosar neska ponpoxak
ez al dugu beste lanik?
aurtengoz badugu aski
eta goazen aurrera.
Ikustekoa eta dastatzekoa ere bai
Barrutik ez ezik, kanpotik ere ikusgarria da Tolosako kaldereroen festa. Dantzariak, biolin-joleak eta akordeoi-joleak izaten dira kalejiran, doinu eta dantza alaiak interpretatuz. Hori bai, kale izkinen batean bazaude, azti! Hartza bat joaten da desfilearen hasieran, eta sokaz lotuta badoa ere, sustotxoren bat sartzen du tarteka.
Zorte apur batekin, ezusteko hori arintzeko txistorra pintxo bat dastzeko aukera izan dezakezu, konpartsarekin batera doan karrozara gerturatuta.
Lehen inauteri doinuak
Iluntze eta gauean ere ez da girorik falta. Jendeak kalderero jantziak oraindik soinean dituela, Incansables txarangak kaleak dantzan eta saltoka jartzen ditu lehen inauteri doinuekin, goizaldera arte.
Hurrengo eguneko ajea gozoagoa izatearen errua, berriz, Tolosako Musika Bandarena izaten da. Tolosako Inauterien errepertorio ofiziala jotzen du goitik behera, beteta izaten den Berdura Plazan:
1- Diana
2- Iriyarena
5- Peio ziri ziri
6- Galtzaundi
7- Praxkuarena
9- Pastelero
10- Baratzeko pikuak
12- Farol dantza
13- Kontrapas
14- Irureta
15- Polka
18- Pakita la Vergaresa
20- Habanera
21- Jota
22- Isabelita
23- Habanera
Kantatu ere egiten dute, beraz, letrak ikasita joan!
Ostegun Gizen edo Sasikoipatsu kanta izaten da kontzertuko azkena, egun gutxiren buruan Tolosako kaleetan ikusi ahal izango dena aurreratuz. Orduan bai esan daitekeela, Inauteriak gertu direla!