You are here

Pilota eta Frontoia, Tolosan

15/12/2020 |

Ezin ulertu daiteke Tolosa pilota jokorik gabe. Urte luzez izan da Beotibar pilotalekua milaka partidaren eszenatoki: izan eskuz, palekin edota zestarekin. Hala jarraitzen du oraindik ere. 

 

Euskal pilotaren aurrekariak aurkitzeko Erromatar inperioaren garaira atzera egin behar badugu ere, XVIII. mendean hartu zuen indarra pilota jokoak Euskal Herrian. Asko ziren orduan herriko plazetara hurbiltzen zirenak, pilotaleku inprobisatu haietan pilotari gazteek nola jokatzen zuten ikustera, baita Tolosan ere.

 

(argazkia:eitb)

Fenomeno hori areagotu egin zen, 1890eko otsailaren 14an estreinatu zen Tolosako Beotibar pilotalekuaren irekierarekin. San Frantzisko pasealekuko 4.ean kokatua, hasiera batean pilotaleku irekia zen, teilaturik gabeakoa, 1935. urtean gaur egun ezagutzen dugun pilotalekua eraiki zen arte.

 

Final ugariren aterpe izan da ordutik, besteak beste, eskuzko lehen mailakoak 1958. eta 1962. urteetan, eta baita bigarren mailakoak ere, batik bat azken hamarkadan.

 

 

(argazkia: kutxa kultur)

 

Gaur egun

Puri-purian dagoen kirola da pilota-jokoa. Modalitate guztien artean ezagunena esku pilota bada ere, beste modalitate batzuk ikusteko aukera izango duzu Tolosako pilotalekuan, hala nola pala, zesta punta edo xarea

 

Azken bi horietarako frontoi egokienak Jai-Alaia eta trinketea badira ere, Tolosako ume askok ikasten dute Beotibar pilotalekuan jokatzen, eta tarteka euren partidak ikustea posible da.

 

Pilotaleku ezaguna izanik, esku pilotako lehen eta bigarren mailako txapelketetako partida ugari jokatzen dira Beotibar pilotalekuan, eskuz banaka nahiz bi-bikoan.

 

Normalean astelehenetan izaten dira partidak, garai batean egun horretan ospatzen baitzen Tolosako ganadu azoka. Goizez egiten zen, eta inguruko herrietatik jende ugari gerturatzen zen. Bazkalostean, eguna borobiltzeko jartzen zen pilota partida. Egun azokarik ospatzen ez bada ere, partidaren usadio hori mantentzen da, eta jai eguna ez izanagatik, jende ugari gerturatzen da.

 

Txapelketa profesionalez gain, afizionatu mailako txapelketa berezi gehiago ere antolatzen dira: garrantzitsuenak Inauterien eta San Juanen bueltakoak dira.

 

Azken hilabeteotan, Covid-19-aren ondorioz ezarritako neurriekin pilota partidak publikorik gabe jokatzen badira ere, ea egoera hobetzean pilotalekuan elkar ikusteko aukerarik dugun, plan ederra da eta!