You are here

2024ko Tolosako Inauterietan ondo pasatzeko 10 une ezkutu

05/02/2024 |

Zerrenda honetan Tolosako Inauteriaren une ezkutuak daude jasota, horietako batzuk oraindik jende askok ezagutzen ez dituenak. Une hunkigarriak, bereziak. Nahiz eta Tolosako inauterien programan ez azaldu, tolosar inauteri-zaleek duten umorez betetako espiritu hori kutsatzen dute. Kasu egiguzue bakarren bat falta bada!

 

Tolosako balkoien nortasuna

Txupinazo aurreko une horretan ateratzen da urte osoa gordeta egon den oihal hori, kolore askotako iñauterietako estanpatuak dituena. Eta horrela, hura balkoian berriz edukita, aste osoz apaintzen dira Tolosako iñauteriak.

 

Aspaldi espero zenuen pintxoa

Tolosako iñauterien hasierako Ostegun Gizenak txistorra pintxoaren gustua du: taberna guztietako barrak betetzen dira pintxo horietaz gainezka dauden platerekin eta haiek lortu nahien dabiltzan txilabadunekin.

 

Adin guztietako jendea asmo berarekin

Ostegun-gauean txaranga asko ateratzen dira batera kalera: urtean zehar ezer jotzen ez duen jendeak ere tresnaren bat jotzen du egun honetan. Ez da harritzekoa izango kale-kantoi guztietan saltoka dauden adin guztietakoekin topo egitea.

 

Larunbata: Tolosa ez da geratzen

Larunbata txantxo edo mozorroa janzteko eguna ez bada ere, Tolosa ez da geratzen. Tolosako azokak eta larunbateroko giroa betiko modura mantentzen dira. Erraldoi eta buruhandiez gain, euskal dantzari txikiak eta Euskal Herriko toki desberdinetako pertsonaiak ateratzen dira kaleak alaitzera. Tanborrada ere badago.

 

Goiz jaikitzeak axolarik ez duen egun bakarra

Zaldunita. 07:59. Gorriti plaza. Jendea pijama hutsean eta urduri. Zergatik ote? Zain daude Tolosako Musika Bandaren aurreneko notak noiz entzungo, Hirigune Historikoko kaleetan barrena “Jeiki, Jeiki” kantaren erritmoan saltoka ibiltzeko, herria esnatu eta egun handia iritsi dela abisatzeko. Une horretako irribarreak ez dira edozein egunetan ikusten. Eta ez ditzagun ahaztu ‘Auroroak’ eta Berdura plazako petardoak!

 

Zezen Plazarako jaitsiera

Tolosako Zezen Plazan xexenak edo zezenak dauden egun guztietan, txaranga Tolosako Hirigune Historikotik igotzen da (eta gero jaisten da), mozorrotuta doan jende guztiarekin batera joateko Tolosako Kale Nagusian barrena. Batzuk ez dira plazara sartzen, baina, zein ederra den ibilbidea!

 

‘Paquito el Chocolatero’ entzuten ari zara baina ez dakizu nondik datorren?

Azalpena: ohitura da iñauterietako igande ilunabarrean Rafari entzutea bere tronpetarekin ‘Paquito el Chocolatero’ jotzen, Lainoa tabernaren aurreko balkoi batean. Hori behin bizitzen duenak ez du hitzordu hori gehiago galtzen.

 

Kontuz non esertzen zaren

Iñauterietako astelehenean oso adi egon behar duzu Zezen Plazan esertzeko garaian. Laugarren zezenaren ondoren, Ero Etxe elkarteak poltsa handietatik konfetiak eta moztutako paperak botatzen dituzte . Azpian tokatuz gero… bizirik lurperatuko zaituzte konfetiekin!

 

Kontzertu klandestino bat

“Hartu ta Sartu” musika-talde bat da eta bere kontzertuaz Astelehenitan bakarrik gozatu daiteke, sarrerarik gabe eta ‘Tontokale’ inguruan, ilunabarrean. Talderik ganberroena da 1997 geroztik, eta gaur egun Zeberiotarrek, Jaime Garcesek, Antton Telleriak, Ion Arruebarrenak eta konpainiak osatzen dute. Euren momentua da: iñauterietako kanta bertsionatuak, giro ikaragarri batean.

 

Garai honetan anisa?

Bai. Asteartitan, goizeko 6etan, anisa eta gailetak zerbitzatzen dira Tolosako Iñauterietan. Ez da gosaririk onena izango, baina bai bereziena. Parranderoak, goiztiarrak eta txistulariak elkartzen dituen momentu ahaztuezin bat.

Tolosako Inauteriak 2024: egitaraua