Hemen zaude

6. Udaletxea

 

Hementxe ematen zaie hasiera Tolosako Inauteriei, giro ederrean. Ostegun Gizeneko txupinazoarekin, plaza hau jendez eta alaitasunez betetzen da txarangen erritmoan.

Plaza Zahar hau da herriko jai guztien bihotza. Sortu zenean ere hala zen. XVII. mendearen erdialdean eraiki zuten, 1503an Tolosa erraustu zuen suteak erabat suntsitutako 5 orubetan, eta bertan egiten zen eguneroko azoka.

Udaletxea ere garai berean eraiki zen, 1657tik 1672ra bitarteko aldian. 2001ean birgaitu egin zen, baina jatorrizko ezaugarriak galdu gabe. Eta birmoldaketa hori egin zenean, Udaletxea eta ondoko Aburuza Jauregia lotu egin ziren zubi txiki baten bitartez.

Jauregi horia XVI. mendeko eraikin bat zen. 90eko hamarkadan, eraitsi eta berregin egin zen, eta udal-bulegoak jarri ziren bertan. Horretarako, jauregiaren jatorrizko fatxadaren behealdea jarri zen berriz, eraikinaren atzean dagoen Andre Maria plazatik ikus daitekeenez.

Plaza Zahar honetan bertan, 1936ko abuztuaren 11n, euskarazko liburuen erreketa egin zen. Frankistek Tolosa hartu berria zuten, eta udal-liburutegiak eta eskolak arpilatu, liburuak plazan pilatu eta erre egin zituzten.

Era berean, Zerkausiaren parean kokatutako inprimategia hustu zuten. Inprimategia Ixaka Lopez Mendizabalena zen, hau da, haurrek euskaraz irakurtzen ikasteko ‘Xabiertxo’ liburu ezagunaren egilearena. Izan ere, gerra-garaian debekatuta egon zen, eta 50eko hamarkadan ikastoletan klandestinitatean erabiltzen zuten testuliburu bakarrenetakoa izan zen. Liburua Euskal Pizkundearen ikono bat izan zen, eta kultura-mugimendu horri omenaldia egiten zaio hemendik metro gutxira.

Zoaz eskuinaldean ikusten duzun kaletik hurrengo punturaino: Santa Maria parrokia.