Udaberri bete-betean, Trianguloa kolore eta usainen plaza izango da. Maiatzaren 10ean, 09:00etatik 14:00etara, ospatuko da Lore eta Landare Azoka berezia, eta aurtengo edizioak badu berezitasun bat: Gipuzkoako Erlezain Elkartearen parte hartzea izango du.
Ohiko moduan, landareen eta loreen munduarekin lotutako ekoizleak elkartuko dira plazan; aurten, gainera, elementu horiekin erlazionatutako produktuak sortzen dituzten artisauek ere izango dute azokan parte hartzeko aukera. Baratze eta lorategietarako landareez gain, apaingarriak, eskuz egindako sendabelar ukenduak, xaboiak edo orkideekin sortutako apaingarriak ere izango dira eskuragarri.
Zazpi postuk hartuko dute parte Azokan:
1. Inés Flores Navarrete, Anoeta (Gipuzkoa) – Lore eta fruta deshidratatuak, haziak…
2. Jose Javier Beaskoetxea Arrizabalaga, Iurreta (Bizkaia) – Lore eta landareak
3. Txomin Bilbao Echevarria, Kortezubi (Bizkaia) – Lore eta landareak
4. Iñigo Javier Azpiazu Moreno, Anoeta (Gipuzkoa) – Loreak
5. Ignacio Guillén e Hijos SLU, Tafalla (Nafarroa) – Loreak
6. Karolina Peños Salias, Bergara (Gipuzkoa) – Sendabelar ukenduak, xaboiak eta xanpu solidoak
7. Alba de la Flor, Mungia (Bizkaia) – Orkideekin sortutako belarritakoak eta brotxeak
Ohikoa den moduan, lorezaintzako taldeak Gaztelako Atea apainduko du. Udaberriari keinu berezi bat egin asmoz egiten da ekintza hau, ondare enblematikoenetako bat atontzearekin batera. Aurten etxe bateko egongela irudikatuko da, eta uda osoan egongo da bertan lorategi efimero hori.
Erlezaintzari lotutako hiru ekintza
Aurtengo berrikuntza nagusia Gipuzkoako Erlezain Elkartearen parte hartzea da. Azokan beren txokoa izango dute, eta erlezaintzaren mundura hurbiltzeko aukera paregabea eskainiko dute: erlezaintza materiala gertutik ezagutu, azalpenak jaso, haurrentzako tailerra eta dastaketa gozoa. Honako hau izango da jarraituko duten egitaraua:
09:00-14:00: erlezaintzako materialaren erakusketa eta azalpenak.
11:30-12:30: haurrentzako tailerra: hazi bonbak.
12:45etik aurrera: Mahala jogurtaren dastaketa, eztiarekin eta polenarekin.