Lapaza Etxea euskal arkitekturako obrarik garrantzitsuenetako bat da.
Jauregia artisau eta merkatarien familia garrantzitsu batena zen, eta haren konposizioak agerian uzten du familia horren erosteko ahalmen handia, bi lehen solairuak kareharrizko harlanduz eraikita baitaude. Goiko solairuak, berriz, udal-teileriako adreiluekin eginda daude. Zurezko egitura, burdina forjatuzko balkoien erremate bat eta landutako zurezko aleroi bat ditu.
Ondoan, Tolosako kalerik bitxienetako bat dago: Letxuga kalea. Ez dakigu izenaren jatorria zein den, baina batzuek diote hiribilduko kalerik freskoenetako bat delako deitzen zaiola horrela. Esaten denez, kale honek baino ez zion eutsi San Joan egunean atariak lizarrez eta elorri zuriz apaintzeko tradizioari. Udaberri dantza-taldearen lanari esker, ohitura hori oso errotuta dago gaur egun.
Halaber, inauterietan balkoiak apaintzeko ohitura kale honetan hasi zela esaten da, baina hasieran ohazalak erabiltzen ziren.
Kalearen erdialdean, antzinako Garikano dendaren ondoan, ehun urtetik gora dituen Txaparro sagardotegia aurkituko dugu ezkutatuta. Alde Zahar osoan izan ziren 28etatik geratzen den bakarra da.
Jendearentzat itxita badago ere, ia itxura berarekin jarraitzen du. Bertan, koadrila osoak eta langileak biltzen ziren, hamaiketakoa sagardoarekin egiteko. Garai hartan ez zegoen txotxik, eta mahaikide bakoitzaren trago kopurua markatzen zen klarionarekin upelean bertan. Ohiturak aldatu egiten dira, eta orain tabernak dira, beren pintxo eta platerekin, jateko, edateko eta, batez ere, sozializatzeko lekuak. Badago non aukeratu.
Jarraitu zuzen hurrengo punturaino: Iturritza Jauregia.