Tolosako jauregirik nabarmenetako baten aurrean zaude: Idiakez Jauregia.
Hiribilduko oruberik zaharrenetako bat da, orain ezagutzen duguna bezalakoa ez bazen ere. Antzina, toki honetan dorretxe bat zegoen, eta pertsona garrantzitsuak izan ziren bertan, hala nola Karlos V.a enperadorea, Isabel Valoiskoa, Maria Josefa Saxoniakoa printzesa, Fernando VII.a, Maria Kristina Borboikoa edo Isabel II.a. Dorretxea Tolosak bere historian jasan izan dituen sute ugarietako batean suntsitu zen.
Haren ordez, barroko estiloko jauregi hau eraiki zen 1605etik 1619ra bitarte. Ibaira ematen duen fatxada harresi zaharraren gainean eraikita dago. Eta beste aldean, plazara begira, Idiakeztarren jatorrizko armarria ikus daiteke. Izan ere, Alonso Idiakez Yurramendi jaio zen jauregi honetan, Karlos V.aren estatu-idazkaria, Santiagoko Ordenako zalduna eta Tolosako historiako pertsonaiarik garrantzitsuenetako bat izan zena.
Zertan aritu zara udan?
galdetu zion eskaleari.
-Gau eta egun, nahi zuenari
abesten nion, ez kezkatu.
-Abesten zenion? Pozten naiz.
Tira bada, egin dantza orain!
Bai, txitxarraren eta inurriaren alegia ospetsua errezitatu dugu. Izan ere, XVIII. mendearen erdialdean, jauregia Félix María Samaniego alegialari ospetsuak jarauntsi zuen. 1775. urtean, berriz, Tolosako alkate izendatu zuten.
Geroago, eraikina kasino bihurtu zen. Eta, gaur egun, hiribilduan dauden hogeita hamar elkarte gastronomikoetako bat da: Tolosako Kasinoa. Elkartearen barnealdeak Erdi Aroko gaztelu baten itxura du, eta euskal artista eta eskultorerik garrantzitsuenetako bat izan zen Nestor Basterretxeak diseinatu zuen.
Entzuten ari zaren abestia elkartearen ereserkia da. Beste edozein elkartek bezala, zeregin aktiboa betetzen du jaietan. Izan ere, Kasino elkarteak azoka mikologikoa antolatzen du udazkenero, eta jende asko biltzen da jai-giroan. Perretxikoak eta onddoak mila modutara dastatzeko eguna. Tolosak gozatzeko eskaintzen duen beste jaki bikain bat!
Jarraitu zuzen hurrengo punturaino: Udaletxea.