Hemen zaude

Udako egunak Tolosan: hona hemen egin ditzakezun planak

2019/07/19 |

Igaro itzazu udako egunak Tolosan. Sute baten ondoren herria nola berpiztu zen jakingo duzu. Eraikin zaharrek ibaiak inguratutako “irla” harresitua izan zela erakutsiko dizute. Bertako produktu zoragarriak dastatuko dituzu. Paseoan ibili, erlaxatu, ikasi, jolastu eta barre egingo duzu. Gozatuko duzu. Artikulu honetan, zer egin, zer ikusi, zer jan eta non lo egin kontatuko dizugu.

Gure lehen gomendioa da Turismo bulegora (non dagoen ikusteko, sakatu hemen) gertura zaitezen, zure bidaia-koadernoa hartzera. Gida bat da, eta zurekin izango duzu, Tolosako txoko guztiak ezagutzen dituzun bitartean.

 

Zer ikusi

Kaleetatik ibiltzean, arreta piztuko duzun lehenbiziko gauza herriko plaza handiak, eraikin xarmangarriak eta herria inguratzen duen natura izango dira. Gaztelako ateak egingo dizu ongietorria, Zerkausia zure argazkien protagonista bilakatuko da, eta Nafarroako Zubiak Tolosa hartzen duen kokaleku estrategikoa erakutsiko dizu.

Nabarmentzekoak dira ere Idiakez Jauregia, Udaletxea, Kristalen Plaza, Santa Klara Komentua, Santa Maria Parrokia, Aranburu Jauregia, Euskal Herria plaza… eta beste leku asko, hala nola lorategiak, begiratokiak eta monumentuak. Gure webgunean kontsulta ditzakezu guztiak.

Tolosaren historia sakonean ezagutu eta haren sekretuen berri izateko, bisita gidatu hauek dituzu: bi tenpluak (Santa Maria Parrokia eta Santa Klara Komentua), larunbatetako azoka tradizionala eta Alde Zaharra. Hona hemen uda honetako bisita gidatuen egutegia.

Zer egin

Bisita larunbatean egiten baduzu, Tolosako azoka tradizionalera joan behar duzu. Hiru plaza desberdinetan banatzen da, eta tokiko ekoizleen jaki gozoak aurkituko dituzu bertan. Produkturik onenak eta freskoenak, eta, gainera, bertakoak. Ez ahaztu tokiko saltokiez. Denetarik aurkituko duzu, eta erosketak egitea baino askoz gehiago den esperientzia bat biziko duzu. 

Baina bada Tolosan beste altxor handi bat, hots, Tolosako txotxongiloen nazioarteko museoa: TOPIC, mundu osoko txontxongiloen lo egiteko lekua. Museoa bisitatzea plan benetan dibertigarria da, heldu nahiz umeentzat, eta ez duzu beste inon horrelakorik aurkituko, txotxongiloei osorik dedikatuta dagoen zentro bakarra baita Europan.

Nahiago duzu abentura kalez kale ibiltzea baino? Badugu plan apropos bat zuretzat ere: mendira joatea eta Aldaba, Bedaio eta Urkizu landa-auzoak bisitatzea proposatzen dizugu. Uzturre (733 m) ere igo dezakezu. Tontorreko gurutzea Tolosa osotik ikusten da, eta Tolosaldeako paisaia ikusteko behatoki paregabea da. Gainera, bidean aurkituko duzun putzuetan txonbo egin dezakezu. Tolosatik Uzturrera igotzeko ibilbidea ikusteko, sakatu hemen.

Ez baduzu Uzturrerako bidean egindako murgialditxoarekin nahikoa izan, itsasoa ere baduzu Tolosatik 20 minutura. 

 

Zer jan

Bazkari, afari edo mokaduei dagokienean, Tolosak eskaintza gastronomiko zabala ematen dizu. Pintxoekin gozatzera atera zaitezke, eguneko menua jatera eseri, lagunekin anoatxo batzuk partekatu edota plater konbinatu goxoa dastatu… baita erretegi tolosarren txuletoi famatuak probatu ere. 

Gure webguneak jatetxe eta erretegi onenen zerrenda eta pintxo-tabernen aukera luzea biltzen duen atal bat du (sakatu  hemen), eta galdu ezin dituzun tokiko produktuen berri ere ematen dizu (babarrunak, txuleta, gozokiak…).

 

Non lo egin

Badakigu atseden hartzea ezinbestekoa dela, indarberritu, eta Tolosa ezagutzen jarraitzeko. Hainbat ostatu proposatzen dizkizugu, prezio eta estilo desberdinetakoak (Tolosan non lo egin jakiteko, sakatu hemen). Halaber, aparkatzeko lekuei buruzko gomendioak ere badituzu.