Hemen zaude

Tolosako Buruhandi eta Erraldoiak: herrian maitatuenak

2019/09/20 |

Tolosarra denak badaki zer den buruhandien aurretik korrika ibiltzea eta noizbait beldur pixka bat sentitzea ere (bada oraindik ere buruhandiei beldur dienik!), baina den-denak hunkituta geratzen dira erraldoiak dantzan ikustean. Egun berezietan,Tolosako kaleetatik barrena desfilatzen dute eta gero eta gehiago dira artelan hau mirestera datozenak. Ez da harritzekoa, inork ez baitu sinesten 4 metroko garaierarekin horrela dantza egin daitekeenik. Ikusten duten arte!

Ideia bat egiteko, Tolosako erraldoiak Alde Zaharreko lehenbiziko balkoietaraino iristen dira. Tolosako Konpartsa arduratzen da herriko ikono kultural hau zaintzeaz, entrenatzeaz, koreografiak prestatzeaz, entseatzeaz eta buruhandiekin batera kalera ateratzeaz. Prestaketarena lan nekeza da, izan ere, erraldoi bakoitzak 55 eta 60 kilo artean eta buruhandi bakoitzak 10 kilo inguru pisatzen ditu. Eta pertsona bakarra dago barruan! 2018an, Japoniara bidaiatu zuten, Lida Puppet Festa jaialdira.

Baina, zein da erraldoi eta buruhandien jatorria?

Teoria asko daude, baina sinesgarriena eliza katolikoan oinarritzen da. Diotenez, erraldoiak eta buruhandiak prozesioen aurretik irteten ziren beti, “Jainkoari ohorea eginez”. Erraldoiek noblezia irudikatzen zuten (erregeak bereziki); eta buruhandiek, aldiz, herria (deabruarekin antzekotasun handiagoa).

Tolosaren kasuan, 1657. urtekoak dira lehenbiziko informazioak. Francisco de Azpillaga delakoak Iruñeko erraldoiak egin zituen, baina ez zegoen horiek aterako zituen konpartsarik. 1977an baziren udalerriko erraldoi batzuk, baina gero baztertu egin zituzten. Geroztik, eta 1991ra arte, erraldoi modernoagoak egin ziren, seriean.

Seriean sortze horrek ez zituen hain erakargarri egiten, eta, beraz, tolosar batzuk talde bat eratu zuten zerbait berria, originala, berdingabea sortzeko, nortasun handiagoa eta herriarekin lotura izango zituena. 1993an, urte osoa eman zuten lanean, eta, enpresa desberdinen laguntzarekin, gaur egun ezagutzen ditugun Tolosako lehenbiziko erraldoiak sortu zituzten.

Horrelakoak dira erraldoiak barrutik!

Iñaki Moyuak sortutako konpartsak, gaur egun, 35 kide, 6 erraldoi eta 10 buruhandi inguru ditu. 1995ko maiatzaren 1ean, 4 erraldoi estreinatu zituzten (Domenjon González de Andia, Catalina de Tapia, Bordon dantzaria eta Neskatila) eta 7 buruhandi (Sorgina, Akerra, Txantxo, Ostegun Gizen, Ostiral Mehe, Txilabas eta Kalderero). 

Geroz eta interes gehiago sortzen zutela ikusita, konpartsa hazten hasi zen: 2004an, Tolosako Inauterien ohorez, Peiok eta Isabelitak erraldoien kuadrillarekin bat egin zuten. Veleta eta Ero Etxe sozietate gastronomikoen buruhandiak ere sortu zituzten. Haien asmoa beti izan da pertsonaia gehiago sortzea. Horrela sortu zuten azkena ere, Juanito Loperen omenez. 

 

Erraldoiak dira gaur egungo umeen kutunenak, horrenbeste ezen haien txupeteak ematen dizkieten haiek uzteko garaia iristen zaienean. Ez da harritzekoa buruhandi txikiagoekin lasterka edo erraldoiak imitatzen ikustea. 

Neska-mutil askok jakin nahiko luke erraldoiaren barruan dantzatzean zer sentitzen den, eta hori Erraldoi eta Buruhandien Konpartsari zor diogu, betidanik Tolosako tradizio eder hau mantentzeko ilusioz jardun duelako.

 

Noiz ikusi ditzakegu Tolosako erraldoi eta buruhandiak? 

Tolosako Konpartsak egun berezietan desfilatzen du Tolosako kaleetatik, hala nola inauterietan (inauteriak, inauterietako larunbata),  San Joanetan (txupinazoa, Kuadrila Eguna, prozesioa…) Gabonetan (Olentzeroren eta Erregeen kabalgatak), Babarrun Festan…

 

Hona hemen bideo bat. Begira zein harrigarria den dantzan eta etengabe jirabiraka hasten direnean: