Berdura plaza Tolosako beste leku ikoniko bat da. Azoka-eremua izan da Erdi Aroaz geroztik. Antzina, alondegi bat zegoen plaza honetan. Barazkiez gain, haragia eta arraina saltzen zen egunero. Gaur egun, lore- eta landare-azoka egiten da larunbatero.
Plaza 1840an hasi zen egungo itxura hartzen, alondegia eraitsi eta bi aldeetan dauden etxeak eraiki zirenean. Erreparatu arkuei: artisauen postuak identifikatzeko (eta, era horretan, udalak zerga kobratu ahal izateko) zenbakiak dituzte oraindik.
Beste bitxitasun bat: konturatu al zara bi eraikinak asimetrikoak direla? Udaletik hurbilen dagoen aldeak 13 arku ditu, eta besteak, berriz, bat gutxiago.
XIX. mendearen amaieran, azokarako barruti estali bat sortzeko beharra sortu zen. Hortaz, 1899an kristalezko estalkia gaineratu zitzaion. Egilea Jose Alejandro Mugica arkitektoa izan zen. Bere simetria eta argiagatik nabarmentzen da. Horregatik, herritarrek beste izen bat ere eman diote: kristalen plaza. Duela hamarkada batzuk arte, estalkiaren bi aldeetan autoak aparkatzen zituzten, eta autobus-geraleku bat ere egon zen. Bitxia, ezta?
Bada badira bitxikeria gehiago. Arkupeko leku batetik, Santa Maria elizako kanpandorrean dagoen erlojua ikusten da. Esaten dutenez, inguru honetan jolasean ibiltzen ziren haurrak leku horretara joaten ziren ordua ikustera, etxera berandu ez iristeko. Nola aldatzen diren gauzak!
Sekretu bat kontatuko dizut. Puntua urdinez markatuta dago arkupe azpiko zutabeetako batean. Beraz, badakizu nola aurkitu!
Azkenik, erdian dagoen bustoa aipatu nahi dugu. Ramos Azkarate poetaren bustoa da. Azkarate Inauterietako errepertorioko abestirik azpimarragarrienetako baten letraren egilea da.
Abesti horretaz gozatuz amaituko dugu kapitulu hau, Musika Bandak Inauterien pregoian eskaintzen duen kontzertuan. Txupinazoaren aurreko igandean egiten den kontzertu horretan, ehunka pertsona biltzen dira plaza honetan bertan.
Jarraitu Alde Zaharretik Andia Dorrera iritsi arte.