Tolosako jauregi nabarmenetako baten aurrean gaude: Atodo Jauregia. Errenazentista estilokoa da, XVII. mendekoa, eta Tolosako tertzioen kapitain eta Felipe II.aren Erromako enbaxadore Fermin Atodok eraiki zuen. Haren jatorrizko armarria ikus daiteke oraindik.
Jauregiak hainbat erregeri eta erregini eman zien ostatu, hala nola Felipe III.ari, Maria Luisa Borboikoari, Fernando VII.ari edo Karlos IV.ari. Hain zuzen ere, errege-postontzia izan zenari dagokion zulo bat dago fatxadan. Bertan uzten ziren erregearentzako gutunak, eta biltzera etortzen zirenek jauregian ematen zuten gaua. Urte askotan, kuartel gisa ere erabili zen, eta 1903an, berriz, Maria Sortzez Garbiaren ordenako mojek beren lehen ikastetxea instalatu zuten bertan.
Jauregiaren kokapena ere ez da kasualitatea; izan ere, Frantziaren eta Nafarroaren arteko bideak kale hau zeharkatzen zuen. Uste denez, kale Nagusia Tolosako lehen kalea izan zen. Zirkulazio horren testigantza moduan, jauregitik metro gutxitara dagoen kartel bat dago, ondoko plazako eraikinetako baten fatxadan. Honako hau dio: «Carruajes para Navarra, por la calle Mayor» («Nafarroarako zalgurdiak kale Nagusitik»).
Plaza Felipe Gorriti konpositore nafarrari eskainita dago. Gorriti hiribildura etorri zen bizitzera, eta ospe handiko obra ugariren egilea izan zen. Plaza honetatik abiatzen da goizeko zortziretan Inauterietako diana ospetsua. Musika-banda Alde Zaharreko kale guztietan barrena ibiltzen da abesti honen doinuan. Esaten denez, herria esnatzeko eta jaien egun handia iragartzeko egiten da. Egia esan, ordu horretarako kaleak jendez beteta egoten dira, pijamarekin, kamisoiarekin edo bainu-txabusinarekin jantzita bandaren atzetik saltoka joateko asmoz. Benetako gertakaria herritarrentzat!
Handik oso hurbil, gure ibilbidearen hurrengo puntua aurkituko duzu: Plaza Berria.