Usted está aquí

Tolosa, udazkenean bisitatzeko apropos

08/10/2020 |

Udazkena Tolosara asteburu pasa bat egiteko aproposa da, garai horretan gastronomiak eta kultur eskaintzak indar berezia hartzen baitute. Izan ere, pandemiak herriko jarduna hankaz gora jarri badu ere, Tolosa bere bizitza berreskuratzen ari da gutxinaka. Jarraian, zenbait puntu azpimarratuko ditugu, udazkenean irteera bat egiteko asmoa baduzu.

Tolosan lo egiteko lau toki
Erdiguneko hoteletatik, ingurune berde eta lasaian dauden landa-etxeetara. Hauek dira Tolosan aurki ditzakezun ostatuak:

  • Bide Bide Hotela: erdiguneko Euskal Herria plaza historikoan dago, TOPIC museoaren ondoan.
  • Oria Hotela: herriko pasealeku nagusiaren izkinetako batean dago, San Frantziskon. Tolosako erretegi nagusienetako bat dago sotoan.
  • Korteta landetxea: naturaz inguratutako nekazalturismoa da, erdigunetik bost minutura.
  • Karmentxu ostatua: kale komertzial jendetsuenean dagoen ostatu txiki bat.

Zer eta non jan Tolosan
Urrian eta azaroan ospatzen dira Tolosan, urteko gastronomia-jairik garrantzitsuenetako bi: Tolosa Goxua gozoaren azoka berezia eta Babarrunaren Festa. Aurten ez dugu ospakizunik izango, baina produktu horiek dastatzeko aukera izango da, noski. 

Azaroan iritsiko da Tolosako babarrunaren uzta berria, eta taberna eta jatetxeek babarrun-jateak eskainiko dituzte, sakramentu guztiekin: Ibarrako piparra, odolkia, txorizoa eta aza. Eta bazkaria goxatzeko, Tolosako 4 gozotegi artisauen postrea: Eceiza, Gorrotxategi, Saizar edo Gozona. Lau erretegien parrillak ere piztuta egongo dira beti, txuletarik onena eskaintzeko prest: Casa Julian, Casa Nicolás, Burruntzi edo Botarri.

Eta ez ahaztu, larunbatero bezala, Tolosako Azokak sasoiko bertako produkturik onenak eskaintzen dituela. Egoera berrira egokitu da azoka, beharrezko neurriak hartuz, elikagai freskoak eskaintzeari ez uzteko.

Ingurune naturalean kirola egiteko planak
Tolosa mendiz inguratuta dago, eta, beraz, abiapuntu ona da mendi-ibilaldietarako (Uzturre, Hernio, Aralar...) eta BTT edo errepideko ibilbideetarako, maila eta gustu guztietarako. Udazkenean, gainera, basoak koloretsu daude, paisaia ikusgarriak osatuz.

Kultur jarduera itzuli da: udazkeneko 4 hitzordu nagusiak
Tolosa talentu musikal, literario eta artistiko askoren bilgune da, eta urte osoan zehar islatzen da haien lana. Udazkena horren erakusgarri izango da. Pandemiak kultura-sektorea gogor jo izanagatik, eta horrek formatuak aldatzera edo neurriak hartzera behartzen badu ere, kulturaren aldeko apustuak bere horretan jarraitzen du. 

Kontzertuak Zezen Plazan

Adi, urriko zubia Tolosan edo Gipuzkoan igaro behar baduzu: ostiraletik astelehenera, kontzertuak izango dira egunero Zezen Plazan. 

190 urte baino gehiagoko ibilbidearekin, Euskadiko zaharrenetakoa den Tolosako Udal Musika Bandak hasiko du zikloa, ostiralean, pasodoblerik faltako ez den kontzertu batekin. Larunbatean Amak euskal folk talde garaikidearen txanda izango da. Igandean saio bikoitza izango da: goizean, Ene Kantak taldeak haurrak dantzan jarriko ditu; arratsaldean, berriz, Gatibuk, Euskadiko rock talde ospetsuenetako batek, kontzertu akustikoa eskainiko du. Astelehenean, Petti euskal kantautoreak itxiko du zikloa.

Espazioa ere berezia izango da, ez baitago aukera askorik Tolosako Zezen Plaza barrutik ezagutzeko. Petite Monumental ezizena du eraikinak, Madrilgo zezen plazarekin duen antzagatik. Mende bat baino gehiagoko historia du, eta Tolosako altxor arkitektonikoetako bat da.

Sarrerak, gainera, doakoak izango dira, Gatiburen kontzerturako izan ezik. Hala ere, erreserba egitea beharrezkoa izango da.

Tenporak, euskal musika munduko beste talde ezagunenetako batek, kontzertua eskainiko du Leidor Aretoan, ostiralean, urriaren 9an. Bere hirugarren lana aurkeztuko du, eta, adituek diotenez, urteko disko onenetako bat izango da.

Tolosako Abesbatza Jaialdia

Koronabirusak Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketa eraldatzea ekarri du, izan ere, aurten ez dute beste herrialdeetako abesbatzek parte hartuko. Urriaren 25etik azaroaren 1era, zazpi kontzertu izango dira, euskal abesbatzarik onenen parte hartzearekin. Ezberdina izango da edizio hau, ezbairik gabe, baina ez du inor axolagabe utziko.

Abonuen salmenta dagoeneko eskuragarri dago, eta sarrera solteen salmenta urriaren 17an hasiko da.

Jose Luis Longaronen margoak

Aranburuko Jauregian Jose Luis Longaron margolariaren lana dago ikusgai azaroaren 14ra arte. Tolosako artistarik ezagunenetakoa izan zen. Erakusketa horretan ez ezik, Euskal Herria Plazako arkupeetan (Iñaki Epelde, Koldobika Jauregi edo Jose Mari Hernandez bezalako artista ospetsuen margoekin batera) edo udaletxeko hormetan ere ikus daitezke bere lanak.

Txotxongiloak ere bizirik

TOPIC, Nazioarteko Txotxongilo Zentroak ere bere kultur eskaintza egoera berrira egokitu du. Bisita gidatuak eskaintzen ditu museora, baita ikuskizun eta tailerrak ere, osasun eta segurtasun neurri guztiak bermatuz. Gainera, azaroaren amaieran, Europako txotxongilo jaialdi garrantzitsuenetakoen artean dagoen Titirijairen 38. edizioa ospatuko da.

Arrazoi batengatik edo besteagatik, udazkenean Tolosara etortzen bazara, gogoratu Instagrameko gure gida birtualaren laguntzarekin gida zaitezkeela.