Usted está aquí

Aste Santua Tolosan, gastronomiaz, mendiaz eta kulturaz gozatzeko aukera

26/03/2024 |
Goiz heldu zaigu aurtengoan Aste Santua, Tolosa ezagutzeko aukera aparta; gastronomia, kultura, ondare historikoa, plan dibertigarriak… Familiakoekin edo lagunekin, ez zara damutuko etortzeaz. Egun-pasa zein asteburu-pasa, aurkituko duzu zer egina! 
Donostiatik 30 kilometro eskasera, eskaintza zabala jartzen du udalerriak bisitarien esku. Hainbat arrazoi daude Tolosa ezagutzera etortzeko. Hemen dituzu batzuk:

1. Pintxoak dastatzea, plan goxoena

Gure kultura ezagutzeko modu aparta da pintxoak dastatzea, taberna batetik bestera, lagunartean edo familia giroan, zapore eta kolore berrien bila. 

2. Gozogintzan espezialistak

Eta ez galdu postre gozoa jateko aukera!  Bazenekien horretan ere espezialistak garela? Asko dira Tolosako gozotegietan aurki ditzakezun postreak: pastelak, tartak, bonboiak… Eta nola ez, teila eta zigarrotxoak, Gorrotxak eta Eceizako bonbak.

3. Bisita gidatuak, sekretu guztiak ezagutzeko

Jaiegunok egun apartak izango dira Tolosa hobeto ezagutzeko, izan ere, 3 bisita gidatu egingo dira Tolosako merkatu tradizionala, alde zaharra, eta Santa Maria eliza ondo ezagutzeko. Bai ala bai jakin beharrekoak ikasteko aukerarik onena.

Bisitak hizkuntza desberdinetan egingo dira. Gomendatzen da bisita bakoitzaren ordutegia eta hizkuntza kontsultatzea, eta bakoitzari hobekien datorkiona aukeratu eta erreserbatzea. Hona hemen informazio praktikoa: Aste Santuko ostegunetik astelehenera, turismo bulegoaren ordutegia zabalagoa izango da: 10:00etatik 14:30era eta 15:30etik 19:00etara egongo da zabalik.

Eguna Ordua Bisitatuko diren tokiak
Ostegunetik igandera

10:00/11:00/17:00

12:30 / 15:30

Tolosako alde zaharra

Andre Maria eliza eta gangak

Larunbatean

11:00

Tolosako Azoka

Azoka ezagutzeko bisita gidatuari esker, Euskal Herriko azoka ezagunenetako bat ondo baino hobeto ezagutu ahalko duzu: Zerkausian barruratu zaitez bertako produktuekin topatzeko, Berdura plazatik buelta bat eman ezazu gure landarediaren eta loreen usain eta koloreez gozatzeko.

Alde zaharreko eraikuntza eta monumentuetan interesa dutenek, bestalde, herri bitxi honen historia eta kultura ezagutzeko modu aparta izango dute parte zaharreko bisita gidatuari esker. Santa Maria parrokiatik hasita, Aranburu jauregia, parke arkeologikoa, errota zaharra, Udaletxea, Zerkausia, Gaztelako Atea eta beste hainbat txoko ezagutuko dituzte.
 
Andra Maria eliza ezagutzeko Aste Santua baino momentu egokiagorik ba al da? 1.630 metro koadroko azalera du elizak, Gipuzkoako bigarren elizarik handiena delarik. Hainbat estiloz egina dago: euskal errenazentista, barrokoa, neoklasikoa... Parrokian barneratu eta gure historiaren berri izan! 
4. Naturan murgiltzeko mendi ibilbideak

Tolosa ingurune natural apartak inguratutako udalerria da, eta horregatik, aukera asko ematen du jarduera fisikoaz eta naturaz gozatu ahal izateko. Hainbat mendi ibilbide dituzu hemen, mota eta zailtasun maila desberdinetakoak. Uzturrera joan etorria egitea da azkarrena, herriko erdigunetik bertatik abiatuta. Tolosalde osoan zehar, ordea, hamaika aukera dituzu eskura.

5. Tolofolk, munduko musiken jaialdia
Zazpi kontzertu eskainiko ditu Tolofolk musika jaialdiak, apirilaren 4tik 7ra. Euskal Herriko eta nazioarteko artisten emanaldiak izango dira, doakoak, udalerrian zehar banatutako hainbat plazatan. 

6. Haurrentzako tailerrak

Apirilaren 3, 4 eta 5ean, asteazkenetik ostiralera, 9:30etik 12:30era, 6 urtetik gorakoentzako tailerrak egingo dira TOPIC-en. Izena emateko, 943650414 zenbakira deitu edo mezu elektronikoa bidali pedagogia@cittolosa.com helbidera. Aukeratu hobeto egokitzen zaizun aukera eta gozatu opor egun benetan bereziaz.