You are here

Tolosako Sanjoanetako ohituren inguruko 10 bitxikeria

16/06/2023 |

Tolosako San Joan jaien barruan une berezi ugari izaten dira, horietako batzuk ia antzemanezinak, baita bertakoentzat ere. Nahiz eta tolosarra izan, baliteke bitxikeria horietako batzuk ez ezagutzea.


San Joan sua 22:00etan puntuan pizten da Tolosan, Udal Musika Banda San Joan martxa jotzen hastearekin batera, eta Andre Maria elizako kanpaiak joz. Une horretatik aurrera, sinbolismo eta esanahi handiko keinu eta ekintza asko gertatzen dira.

 

  1. Lore eta landare sorta bat, San Joan sura

Dozenaka tolosarrek suaren gainetik salto egiten dute, ohiturak agintzen duenaren arabera, izpiritu txarrak uxatzeko. Jauzi egitera animatzen den herritarren joan-etorri hori ez da hasten alkateak lore eta landare sorta bat sutara botatzen duen arte: lizarra, arto landarea, garia, larrosa, garoa eta San Joan lorea izaten ditu sorta horrek. Keinu hori herriarentzako desiorik onenak iragartzearekin lotu izan da: izurri eta suteetatik babesa eta uzta ona.

  1. Kanpai-hotsa, familian

San Joan egunean bertan, nahiz bezperan, Andre Maria elizako kanpaien melodiaz, Garikano familia arduratu ohi da. Urte mordoa daramate, familia bereko kideek lan hori egiten, gutxienez belaunaldi bat baino gehiago.

 

  1. Kaleen dotorezia goizean goizetik

San Joan bezperako gaua urteko laburrena da, baina zentzu guztietan. Eguna oso goiz hasten da batzuetan: 04:30ak aldera, inguruko basoetara joaten baitira lizar-adarrak moztera, gero alde zaharreko kale eta etxe-atariak apaintzeko. Lan gogor horretaz bordondantzariak eta Garikano familia arduratzen dira, baita noizbait Tolosa&Co merkatarien elkartea ere. Egia esan, Tolosa zoragarri bezain eder atontzen da egun honetan.

 

  1. Udalbatzaren bila etxez etxe

Goizeko 07:00ak aldera, txistulari banda udalbatzako kideak esnatzera joaten da, etxez etxe. Beti ere herrigunean bizi badira, eguna luzea baita, eta denbora laburrean bete beharreko konpromiso ugari! San Juan zortzikoa eta fandango bat eta arin-arin bat jotzen dituzte.

08:45ean txistulari bandak Diana egiten du alde zaharrean barrena. Baina ez du bakarrik egiten, Iruñeko Txistulari Bandak lagunduta baizik. Tradizio hori duela urte asko hasi zen. Bi taldeek trukea egiten dute herriko jaietan: Tolosako Txistularien banda, adibidez, 1913tik joan izan da Sanferminetara jotzera.

 

  1. Adin guztietako eskopeteroen 19 konpainia

Egun osoan zehar desfilatzen duten 19 eskopetero-konpainiek ere beren protokolo propioak dituzte. Aurten, gainera, elkarte gisa eratu dira: Tolarde. Adin guztietako jendeak parte hartzen du, eta konpainia batzuek 200 parte-hartzaile baino gehiago izaten dituzte!

Beren ibilbideak finkatuta dituzte, eta uneoro, bai goizeko dianan eta prozesioan, bai arratsaldean ere, udalbatzaren ibilbide bera jarraitzen dute, aurre hartuz edo bide horren alde bietan itxaronda. Hori guztia, girorik onenean.

Salba batzuk elkarrekin jaurtitzen dira: goizean Plaza Zaharrean eta bitan Euskal Herria Plazan; eta arratsaldean Trianguloan. Konpainia guztien kapitain orokorra urtez urte aldatzen da. Salba-ordena, berriz, konpainien antzinatasunaren araberakoa da. Duela gutxi arte, konpainien kokapena irizpide beraren arabera egiten zen, baina hain da handia parte-hartzea, non leku faltagatik txandaka egitea erabaki baitzen.

 

  1. Bordondantza, hiribildu zaharreko ateetatik barrena

Arratsaldean, Sanjoaneko ikur bihurtu den ohiko bordondantza ospatzen da. Goizean ez bezala, dantzariek alabardak edo bordoiak eramaten dituzte. Goizean, ohiko Erronda bidea egiten dute, Plaza Zaharretik atera, eta Solana eta Korreo kalean behera, Gorriti plazara iritsi eta Kale Nagusian gora Udaletxera itzuliz. Arratsaldeko bidean, berriz, Tolosako hiribildu harresituaren antzinako hiru ateak zeharkatzen dira. Lehenik, Arramele zubikoa; ondoren, Gaztelako Atea, Triangulora sartzeko; eta, azkenik, Nafarroako Zubia, Zumardi Handirantz.

 

  1. Lore sorta bat, udal hautetsi gazteenarentzat

Bordondantzariek uneoro laguntzen diote udalbatzari, musika bandekin eta txistulariekin batera. Berezitasun bat dago, ordea: arratsaldean, gobernuko kiderik gazteenak sindikoa, lorez estalitako ezpata bat eta Tolosako armarria duen zapi zuri bat daramatza.

 

  1. Krabelinen banaketa Arramelen

Sindikoaren sorta hori krabelin gorriz eta zuriz osatuta dago. Arratsaldean Arrameleko ermitaren atarian banatzen diren krabelin berberak dira. Arregui loradenda arduratzen da horretaz, duela 70 urtetik. Minutu gutxiren buruan, 1.500 krabelin banatzen dituzte: berehala agortzen dira! Ordezkari politikoek, musikariek, eskopetariek eta gainerako herritarrek lore eder eta koloretsu hauek janzten dituzte soinean.

 

  1. Udal ordezkarien dantza, herriari

Udalbatza, musikari, dantzari eta eskopetariak Trianguloan biltzen dira gero. Udal hautetsiek herriari dantzatzen diote han: lehenengo alkateak agurra dantzatzen du; eta, ondoren, udalbatza osoak egiten du dantza, Axeri dantzaren erritmora.

 

  1. Parte-hartze altuko festa berdinzaleak

Eta azken puntu hau ez dago soilik une bakar bati lotua, jaien ezaugarri orokor bati egiten dio erreferentzia. Herritarren partehartze zabala da Tolosako San Joan jaien ezaugarri nagusienetako bat. Gainera, berdintasunean eta jai giroan ospatzen dira.

Nabarmentzekoa da, bereziki, emakumeen partehartze handia: azken hamarkadan, eta modu naturalean, areagotu egin da, bai bordondantzari taldean, baita eskopeteroen konpainietan ere.

Egia esan, gozamena da festa guztietan nagusi den giro ona. Aurten ekainaren 22an hasi eta 25era arte luzatuko dira, beraz, gonbidatuta zaudete!