You are here

Goxua: beste edizio arrakastatsu bat

28/10/2022 |

Euskal Pastela izan da aurtengo protagonista, eta pastel erraldoi baten 1.000 zati inguru banatu dira.

Giro berezia sortzen du, urtero, Tolosa Goxua gozogintza azokak. Eta aurtengoa ez da salbuespena izan. Santu guztien egunaren zubia edota Abesbatza Lehiaketa aprobetxatuz, gainera, asko eta asko izan dira Tolosara bisitan etorri direnak. 

Tolosako ohiko gozoak (bonbak, Teila eta Zigarrotxoak, gorrotxak), tartak, garai honetan ohikoak diren buñuego eta santu hezurrak, mota askotako txokolateak… Orotariko postre eta gozoak ikusi, erosi eta dastatu ahal izan dira. Baita eztigintzako beste hainbat produktu ere.

Baina, ezbairik gabe, aurtengo protagonista nagusia euskal pastelak izan dira: kremaz, fruta mermeladaz edota txokolatez betetakoak… Aurtengo azokan gehien eskatu den postreetako bat izan da.

Iparraldetik etorritako ‘Eguzkia’ elkarteko kideak ere presente izan dira, eta haien laguntza izan dute Tolosako lau gozotegi artisauetako gozogileek –Eceiza, Gozona-Ibañez, Rafa Gorrotxategi eta Saizar– euskal pastel erraldoi bat egiteko. 1.000 zatitan banatu, eta gerturatu den orori puska bana eman diete. 

Euskal pastelak egiten ikasteko tailerrean parte hartu duten 80 haur inguruk ere beren gomendioak jasotzeko aukera izan dute.

26 parte hartzaile postre txapelketan

Aurten, lehenengoz, postre txapelketa herrikoiak bi maila izan ditu. Eta erantzuna ere paregabea izan da. 25 pertsona aurkeztu dira guztira: 8 euskal pastel lehiaketara, eta beste 17 sagar tarta lehiaketara. 

Elena Arzak, Eva Arguiñano, Armintz Gorrotxategi eta Beñat Darriguesek osatu dute aurten epaimahaia. Naiara Ulanga izan da euskal pastel onenaren saria irabazi duena, eta bigarren puntuaziorik onena, Jaione Bengoetxearen pastelak jaso du. Sagar tarten kasuan, aldiz, Irantzu Karrera izan da garaile, eta bigarren saria Mila Gomezentzat izan da. 

ç