You are here

Mikologika, Tolosan urtero ospatzen den perretxikoen inguruko azoka.

14/10/2022 |



Errekorrak, pintxo dastaketak eta festa izango dira nagusi, urriaren 20tik 22ra Tolosan ospatuko den Mikologika azokan.

Tolosako Casino Elkarte Gastronomikoak, beste behin, mikologiaren zaleentzako azoka antolatu du. Ekitaldia hilaren 22an hasiko da, ostegunez, Sonia Tapia eta Xabier Martinez sukaldariek Casinoan egingo duten perretxikoetan oinarritutako sukaldaritza tailerrarekin.

Ostiralean, hilak 21, Tolosaldeko ikastetxeetako DBHko 1. mailako ikasleek perretxikoak biltzeko esperientzia bizi ahal izango dute. Aranzadiko kideek goiz horretan bertan jasotako perretxikoak sailkatuko dituzte arratsaldean.

Arratsaldean, 19:30etik aurrera, TXANPI ONFEST jaia hasiko da Zumardi Txikian, Oria ibaiaren ondoan. Foodtruck-ez osatutako gune honetan pintxo eta jakiak dastatu ahal izango dira. Zuzeneko musikak girotuko du jaia arratsaldean, Black Gamba taldearen kontzertuarekin eta Fresa Morango DJ-aren saioarekin.

Larunbatean, hilaren 22an, erronka batekin hasiko da eguna Trianguloan. 10:00etan, MUNDUAN inoiz sukaldatu den saltsan egindako txanpinoi kazola handienaren errekorra hausteko ahalegina egingo da. Baietz lortu!

12:00etan, perretxiko mota ezberdinekin prestatutako pintxoen dastaketari hasiera emango zaio. Gainera, Tolosaldeko ikasleek bezperan bildu eta sailkatutako perretxikoen erakusketa bat eskainiko dute, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideen laguntzarekin.

Txikienentzat eskulan tailerra egongo da eta bertan Mikologikaren totebag bat margotu ahal izango dute.

Azokari amaiera emateko, 13:00etan, Tolosako komertzioen erakusleihoen sari banaketa egingo da. Hamaika komertziok hartu dute parte lehiaketa honetan, aste osoan zehar bakoitzaren erakusleihoa apainduz.

Mikologia gustatzen bazaizu edo giro onaz gozatu nahi baduzu, Mikologika zain izango duzu, Tolosan, urriaren 20tik 22ra.