You are here

Zerkausiko I. Bandera: Elkarteen arteko batel estropada itzuliko da Oria ibaira

19/09/2025 |

Tradizioa eta festa uztartuz, hamar taldek hartuko dute parte larunbatean ospatuko den estropadan.

Larunbat honetan, irailaren 20an, Tolosak bere tradizioetako bat berreskuratuko du: elkarteen arteko estropadak. Urte askoren ostean, Oria ibaian ospatuko da berriro hitzordu berezi hau, Zerkausiko I. bandera izenarekin.

Goizeko 11:00etan abiatuko den estropadak kirola, festa eta herritarren arteko elkartasuna uztartuko ditu, eta bisitariek aukera izango dute ibai ertzean giro paregabeaz gozatzeko.

Hamar talderen arteko lehia

Estropadak hamar batel bilduko ditu: herriko elkarte gastronomikoak (Aiz-Orratz, Batasuna, Emendek, Gure Txokoa, Lizardi, San Esteban eta Txinparta), baita bestelako kultur eta kirol taldeak ere, hala nola Udaberri Dantza Taldea eta Enroke Xake Taldea. Tolosako Udalak ere izango du bere batela.

Txandak bina batelekin jokatuko dira lehenengo, kaleak aldatuta berriz errepikatuko dira, eta denborarik onenak lortzen dituzten bi taldeak finalera sailkatuko dira, banderaren azken lehia jokatzeko.

  1. kalea 2. kalea 1. kalea 2. kalea
1 eta 6 txandak Gure Txokoa Tolosako Udala Tolosako Udala Gure Txokoa
2 eta 7 txandak San Esteban Enroke Xake Enroke Xake San Esteban
3 eta 8 txandak Lizardi Batasuna Batasuna Lizardi
4 eta 9 txandak Aiz-Orratz Txinparta Txinparta Aiz-Orratz
5 eta 10 txandak Emendek Udaberri Udaberri Emendek

Kirola eta festa, eskutik

Emaitzak bigarren plano batean geratuko dira, izan ere, estropadaren benetako xarma herritarren arteko elkartasuna eta saretzea sustatzea da. Kaleetan ere ez da giroa faltako: Udaberri fanfarreak musika eta festa kolorea jarriko ditu egunari.

Arraun munduko hiztegia ezagutzen

Zerkausiko I. Banderaren harira, hona hemen traineruaren atal nagusiak eta arraunaren hiztegia azaltzen dituen irudi ilustratu bat, zure ezagutzak gertukoekin partekatu ahal izateko!

Zatoz eta bizi ezazu Zerkausiko I. Bandera, Tolosak eskaintzen duen tradizio eta festa giro berezi horrekin!