You are here

Ezkutuko Tolosako Alde Zaharra: ezagutzen ez dituzun 4 sekretu

22/07/2024 |

Lehen begiratuan hautematen ez diren xehetasunak ezkutatzen ditu Alde Zaharrak; bitxikeria guzti horiek ezagutzeko, irekita daude bisita gidatuetarako erreserbak. 

Tolosako kaleotatik behin baina gehiagotan pasatakoa bazara edo bertatik zabitzan lehen aldia bada, ziur jarraian ikusiko dituzun datuetako batzuk ez zenekizkiela.

1. Balkoiak modarekin bat

Modan dagoen arropak eraginik al du arkitekturan? Askoren harridurarako, bai! Mugitzen garen espazioen diseinuak ere egokitzen dira gure janzkera eta ‘tendentzia’ diren hainbat elementutara. 

Tolosako Alde Zaharreko kaleetan gora eta behera ibiliz gero, era guztietako balkoiak daudela ikusiko dugu. Garai historiko bakoitzak bereak diseinatzen ditu, eta jantzi handien garaian, balkoi handiak egiten ziren.

Burdinazko balkoi horiek, beheko aldean zabalagoak ziren, XIX. mendeko janzkera tipikoak gona handiak baitzeuzkan, eta espazio gehigarri hori izan ezean, ez lirateke eta balkoietan sartuko.


 
2. Postontzi erreala
Atodo jauregia Tolosako jauregirik aipagarrienetako bat da. Fermin Atodok eraiki zuen, Tolosako tertzioetako kapitaina eta Felipe II. aren enbaxadorea Erroman. Jauregia XVII. mendekoa da, estilo errenazentistakoa.

Eraikina parez pare begiratzen jarrita, fatxadan, jatorrizko armarriaz gain, zulo bat dagoela ikusiko duzu, garai batean Errege Postontzia izan zenari dagokiona, hau da, erregearentzako gutunak gordetzen ziren tokiari dagokiona. Jauregia erregetzako pertsona ospetsuen egoitza izan zen, hala nola Felipe III, Maria Luisa Borboikoa, Fernando VII edo Karlos IV erregeena.

Eraikin hori Kale Nagusian dago, eta bere garaian komunikazio-epizentroa izatera iritsi zen. Transmisiorako ezinbesteko puntua zen, Frantziara eta Nafarroara zihoazen bideak bi norabideetan gurutzatzen ziren kale batean. Ikusten duzunez, ez da kasualitatea erregearekin komunikatzeko postontzia bertan kokatzea!

 
3. Plaza irregular bat

Berdura Plaza Jose Alejandro Mugica arkitektoak eraiki zuen 1899an eta Erdi Arotik alondegi eta merkatu funtzioak izan dituen espazioa izan da. Burdinez egina dago eta kristalezko estalkia du. Gainera, plaza arkuez inguratuta dago. 

Egun, barazki, landare eta lore azoka egiten da larunbatero plaza honetan eta horregatik da ezaguna, herritar nahiz bisitari asko elkartzen diren gunea baita! 

Hala ere, plaza honek ere badu bere xarma, hautematen ez diren xehetasunak ezkutatzen baititu. Kontatu al duzu inoiz plazako arkuen kopurua? Alde batean 12 dira, bestean, aldiz, 13! Zalantzarik gabe, honek agerian uzten du Alde Zaharreko kaleak ez direla guztiz erregularrak, eta ondorioz, hamaika berezitasun ezkutatzen dituztela kaleok.



 
4. Uharte bat

Badakigu lekuak aldatu egiten direla denboraren poderioz. Kaleak izenez aldatzen dira, eta baita eraldatu eta desagertu ere bai. Urrutira joan gabe, Erdi Aroan, Oria ibaiak eta desagertutako Erretengibel ubideak inguratzen zuten uhartea zen Tolosa! Hori gutxi balitz, erabat harresituta zegoen eta bost sarbide zituen, pertsonen eta salgaien igarotzea kontrolatzeko. 

Harresia eraitsi zutenean, Tolosan sartzeko zeuden bost atetatik bakarra geratu zen zutik: egungo Gaztelako atea izenarekin ezaguna dena. Bai-bai Trianguloa Plazako horixe! Orain ikusten duguna XVII. mendeko eranskin neoklasikoak dira, Erdi Aroko atearen hondakinen gainean eraikiak. Arkuaren barrualdea Erdi Arokoa da.

Bitxikeria guzti horiek ezagutzeko, irekita daude Alde Zaharretako kaleetan zehar egiten diren bisita gidatuetarako erreserbak. Egin erreserba, ez zara damutuko!