You are here

Tolosa, Gaztaren erreinua, II. ESNEKI azokaren eskutik

03/11/2023 |
Euskal Herriko gazta eta esneki mota guztien lehiaketaren bigarren edizioa, XIV. Frisoi Txapeketa edota ikastaro herrikoiak izango dira, besteak beste
 

Harrera beroa jaso du ESNEKI azoka bereziak bigarren edizioan. Esne eta esnekien hiriburua izan da Tolosa azaroaren 3 eta 4an, parte hartze handia izan duten lehiaketa, tailer eta azoka bereziekin. 

Denera, 25 ekoizlek jarri dute postua azoka berezian, eta 85 gaztak hartu dute parte hitzordu nagusian, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Lehiaketaren bigarren edizioan. Larunbat honetako gazta izarra ahuntz gazta izan da, lehiaketa irabazi duen gazta txapelduna, hain zuzen. 

LARRUZ  izeneko ahuntz gazta ondua da,  Markina-Xemeingo  Muniozguren gaztandegian  Iban eta Gorka Muniozguren anaeiek ekoitzia. Ibanek jaso du saria, jai giro betean.

Mota guztietako gaztek hartu dute parte lehiaketan. Zortzi kategoriatan banatu da txapelketa: gazta freskoak, gazta laktikoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi-gazta onduak, ahuntz-gazta onduak, ardi-gazta onduak eta jogurtak. Horietako kategoria bakoitzean, beste bi azpi-kategoria izan dira: alde batetik gaztagileak berak ekoiztutako esnearekin sortutakoena, eta hirugarren bati esnea erosi eta eraldatzen dutenena bestetik. 

Eta azokan ere, askotariko produktuak egon dira salgai, gaztazale eta jogurzle ugari erakarri dituena Triangulora.  

Parte hartzea handia izan da, baita ere, familientzako jardueretan eta Frisoien Txapelketan. Goiza ile apaindegian igaro ostean, benetan lirain heldu dira lehiaketara! 

Behien Txapeldunen Txapelduna Karrantzako Casa Nueva ustiategia izan da. Bigen Txapeldunen Txapelduna, aldiz, Planillo (Cascante) izan da. Errape onenarena eta Ganadutegi onenarena ere Casa Nueva eta Planillok irabazi dute, hurrenez hurren.