Hemen zaude

16. Trianguloa

 

Ba al zenekien Tolosa Gipuzkoako hiriburua izan zela? Gobernu aurrerakoien garaian izan zen, 1844tik 1854ra bitarte. Garai horretan erabaki zen Aldundiaren Jauregi neoklasikoa eraikitzea. Barrenatxoenea edo Portaletxe etxearen orubean eraikita dago. Antzina, harresia zegoen bertan.

Higiezina Foru Jauregia izateko asmoarekin eraiki zen, baina inoiz ez zen izan, obrak 1856an amaitu baitziren; hau da, Donostiak hiriburutza berreskuratu ondoren. Funtzio hori gabe, Eskolapioak finkatu ziren bertan, 1982. urtera arte. Harrezkero, Antonio Maria Labaien Kultur Etxea da, euskal antzerkiko lehen idazlea eta Bigarren Errepublikaren aldian Tolosako alkatea izan zenaren izena hartuta.

Eraikinaren kolore horia nabarmentzen da, eta badu mamia kontuak: Udalak, hasiera batean, ez zuen baimena eman kolore horrekin margotzeko, baina azterlan batek frogatu zuen antzina eraikin gehienek kolore hori zutela. Azkenean, onartu egin zen kolore hori, eta, diotenez, Alde Zaharreko etxeek harrezkero hasi ziren egungo kolore bereizgarriak izaten.

Itzul gaitezen Sanjoanetara. Izan ere, bertan egiten da udal-agintarien segizioak herriari eskaintzen dion dantza tradizionala. Lehenik eta behin, alkateak aurreskua dantzatzen du, eta, ondoren, talde politiko guztietako zinegotziez osatutako gobernu osoa hasten da dantzan.

Azkenik, erreparatu diezaiogun Triangulo plazaren erdian dagoen eskulturari. Atauts izeneko altzairuzko obra da, Jorge Oteiza eskultoreak 1994. urtean egina. “Ate” eta “huts” terminoak biltzen ditu, eta, artistaren hitzetan, “herrian eta herrialdean sartzeko eta haiek ezagutzeko atea da”. Merezi du ate horretatik sartzea eta gu ezagutzea, ezta?

Atzera begiratzen baduzu, pasealeku luze bat aurkituko duzu: San Frantzisko pasealekua. Hasieran dagoen elizatik jarraituko dugu gure ibilbidea.