Saia gaitezen orain irudimena askatzen Santa Klara komentuan sartzeko. Izan ere, bertan bizi diren moja klaratarren klausura dela eta, ezin da barruan sartu, kaperan izan ezik.
Komentuaren egitura antzinako zurezkoa da, baina bikain dago oraindik. Bertako korridore luzeetan, historia handiko dozenaka elementu erlijioso daude: liburu erraldoiak, eskulturak, figurak eta Aita Santuaren objektuak. Eta, halaber, lore eta landare asko eta asko dituen barne-patio eder bat eta baratze handi bat. Baratze horretan, mojek autokontsumorako produktu mota oro landatzen dute.
Komentua 1666an eraiki zen moja klaratarrentzat, Iturritzako jaun-andreen aginduz. Geroago, ospitale militar gisa ere erabili zen, hain zuzen ere Frantziako tropek Konbentzioaren Gerran okupatu zutenean, Independentzia Gerran eta karlistaldietan. Komentuaren inguruetan, ehortzitako soldaduak aurkitu izan dituzte. Eliza, bestalde, barroko estilokoa, 1711tik 1730era bitarte eraiki zen.
Akustika bikaina du, eta, horregatik, abesbatza askok bertan abestu nahi izaten dute Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa ospetsuan, azaroaren 1aren inguruan.
Amaitzeko, kanpoko bi bitxikeria aipatuko ditugu. Alde batetik, komentuaren parean, Zumardi Txikia dago. Antzina, ‘dantzak’ egiten ziren astebururo bertan, eta jende asko biltzen zen. Gaur egun, berreskuratzeko proiektua dago, gizarte-erabilera izan dezan.
Eta komentuaren ondotik abiatzen den errepidea hartuta, Izaskun auzora igotzen hasiko gara. Auzo horretan, Tolosako ikuspegi ederraz gozatu ahal izango dugu, edota Uzturre mendira igotzen hasi ahal izango gara bertatik. Mendian dagoen gurutzea hiribilduko leku gehienetatik ikus daiteke.
Egin atzera, eta zeharkatu berriz zubia hurrengo punturaino: Idiakez Jauregia.