Hemen zaude

17. San Frantzisko Eliza

 

Ondoko elizaren izena hartu duen San Frantzisko pasealeku jendetsuan gaude. Tenplua 1587tik 1674ra bitarte eraiki zen, Uroinaga iturriaren ondoan dagoen orube honen jabea izan zen Pedro Mendizorrotzen aginduz. Lur hori lagatzeaz gain, mila dukat eta eraikuntzarako beste hamar dukateko urteko errenta bat ordaindu zituen. Harresitik kanpo kokatu zen, baina garrantzi berezia hartu zuen Gaztelako Errege Bidearen ondoan zegoelako.

Elizak nabe bakarra du, kanoi-ganga bat eta erretaula errenazentista interesgarri bat, Ambrosio Bengoetxeak egina. Halaber, ia bi mendetan, teologia-eskola garrantzitsu bat ezarri zen bertan. Gerra-garaietan, beste eliza batzuk bezala, ospitale militar eta kuartel gisa erabili zen. Hori dela eta, galtzada-harrizko zoladura duen ondoko kaleari Soldadu kale deitzen zaio.

Inguruetan, 12.300 m²-ko azalera hartzen zuten lorategiak eta baratzeak zeuden. Eliza-desamortizazioarekin, partzela horietan pilotaleku bat eraiki zen 1860an, komentuko horma frontis gisa erabilita. Halaber, Probintziako Artxiboa eraiki zen 1904an. Biek zutik diraute gaur egun, eta lur horiek nolako zabaltasuna zuten imajina dezakegu.

Gipuzkoako Artxibo Orokorra elizatik hurbilen dagoena da. 1530. urteaz geroztik, Santa Maria elizako sakristiaren gainean egon zen, baina txiki geratu zenez gero, Aldundiak eraikin hori egiteko eskatu zion Manuel Etxabe foru-arkitektoari. Segurtasun arrazoiak direla eta, lorategiz inguratuta eraiki zen. Inguruko eraikinen batek su hartuz gero dokumentuak babesteko modua izan zen.

Artxiboak 7.100 metro linealeko biltegiratze-edukiera du, eta gordetzen dituen funtsen artean, foru-erakundeek XV. mendetik XX.era bitarte sortutako dokumentuak daude.

Ondoan, Beotibar pilotalekua dago. Bertan, pilota profesionaleko partiduak jokatzen dira, esku-pilotakoak edota zesta-puntakoak. 1890. urtean eraiki zen, frantziskotarren pilotalekua egon zen leku berean. 1935. urtera arte ez zuen egungo itxura hartu. Proiektua Gregorio Azpiazuk egin zuen, eta forma kubikoak eta gainazal zilindrikoak konbinatzen ditu. Arkitektura arrazionalista du, eta Gipuzkoako kultura-ondarearen sinboloa da.