Plaza Berria Tolosak bere historian bizi izan duen eraldaketaren adibide adierazgarria dela esan daiteke. Alde Zaharraren barruan eraikitako azken plaza izan zen, eta horregatik deitzen zaio Plaza Berria.
Hiribaratzeta izeneko eremua hartu zuen. Izan ere, Erdi Aroan harresi barruko baratze-eremua izan zen. XVII. mendearen amaieraz eta XVIII. mendearen hasieraz ari gara. Plaza bihurtu zenean, merkataritzarako gunea izan zen, eta ekitaldiak ere egin ziren bertan, hala nola pilota-partiduak, dantzak eta zezenketak.
Hain zuzen ere, iparraldera ematen duen eraikinari (goialdean erloju bat duenari) Toriles Etxea deitzen zitzaion, zezenak bertan gordetzen baitziren. Hala ere, hau ez da Toriles Etxearen jatorrizko eraikina. Izan ere, XIX. mendean plaza zabaltzeko obra batzuk egitean, metro batzuk atzerago berreraiki zuten.
Beste aldean, Abastos eraikina nabarmentzen da. Bigarren udaletxea izan zen hasieran, eta alondegia geroago. Azokako ia 50 postu biltzeko lekua izatera iritsi zen. Gaur egun, berriz, haurtzaindegi bat da.
Eta, jakina, kioskoa. Merezi du eskailerak igotzea eta gora begiratzea, Iñaki Epelde artista tolosarrak 2002an egin zituen muralez betetako sabai koloretsua ikusteko.
Gaur egun, hainbat kontzertu egiten dira bertan, hala nola Tolosandblues jaialdikoak, uztaila inguruan.
Kioskoko eskaileren parean dagoen pasabide txikian, Tolosan behin baino gehiagotan izan diren uholdeetan ura zer mailatara iritsi zen dago markatuta. Ura maila horietara iritsi zela pentsatze hutsak itolarri-sentsazioa eragiten du, ezta?
Tunela osatzen duen eraikinari Damen Etxea deitzen zaio, eta Tolosa harresiztatuan sartzeko ateetako bat zegoen lekua zen, Erretengibel kanalera ematen zuen atea, hain zuzen ere.
Handik, Rondilla kalera irtengo gara, eta Euskal Herria plazara abiatuko gara, trafikoaren noranzkoari jarraituz.