Hemen zaude

8. Euskal Pizkundea

 

Intereseko leku asko eta kontatzeko mila istorio biltzen dituen puntu batera iritsi zara. Poliki-poliki azalduko ditugu.

Hasteko, Arkeologia Parkea dago. Dena dela, ikusten dena ez dira aztarnak, eraikitzen amaitu ez zen 1538ko jauregi baten zimenduak baizik. Proiektua Karlos V.aren arkitekto Luis de la Vegak egin zuen, eta jauregi errenazentista dotore baten eraikuntza aurreikusten zuen.

Lanak Alonso Idiakezen gurasoen aginduz hasi ziren, baina urte batzuk geroago, Idiakezek berak gelditzea erabaki zuen, Donostian beste proiektu bati ekiteko. Zehazki, San Telmo komentua eraikitzeko agindua eman zuen, bertan maiteminduta zegoen Gracia Olazabal donostiarraren ondoan ehortzi zezaten.

Aurkikuntza 2004an egindako indusketa-lan batzuen emaitza izan zen. Zimenduen azpian, Erdi Aroko nekropoli baten aztarnak eta antzinako harresiaren zati bat aurkitu zituzten.

Idiakeztarren jauregiaren proiektua baztertuta geratu ondoren, XVII. mendean Aranburu Jauregia eraiki zen ondoan, Pedro Aranburu Salsoro kapitainaren aginduz. Haren seme Miguel Aranburuk inprimategi bat instalatu zuen sotoan, eta bertan inprimatu ziren lehen aldiz Gipuzkoako Foruak, 1669. urtean. Gaur egun, Udal Liburutegia eta Artxiboa daude barruan, baita erakusketa-areto bat ere.

Ondoan dagoen eraikin modernoa Tolosan zeuden hiru errotetako baten berreraikuntza da. Barnealdean, 1322koa zen jatorrizko errotaren azpiegitura hidraulikoa ikus daiteke oraindik. Gaur egun, Haur Liburutegia eta bidaiarientzako topaleku bat daude barruan.

Zirkulua ixteko, Eduardo Chillida eskultoreak Xabier Agirre edo ‘Lizardi’ poetari eskainitako obra bat dago. Chillidak berak zioenez, obraren elementurik garrantzitsuena ez dagoen hori da, hau da, ikusteko aukera ematen duen leihoa.

Lizardi Euskal Pizkundeko pertsonarik garrantzitsuenetako bat izan zen. Hain zuzen ere, duela hamarkada batzuk Euskal Pizkundearen plaza izena eman zitzaion inguru honi, XIX. mendearen erdialdean euskararen alde sortu zen eta XX. mendean Tolosa funtsezko gune izan zuen mugimendu kultural eta politikoaren omenez. Izan ere, kultura-bizitza ere Tolosak dituen ezaugarri bereizgarrienetako bat da.

Itzuli Udaletxera, hartu ezkerraldean dagoen kalea, eta jarraitu ibilbidea hurrengo punturaino: Lapaza Etxea.