Hemen zaude

15. Euskal Herria Plaza

 

Tolosako lehen zabalgunean gaude; hau da, Euskal Herria plazan. XIX. mendeko plaza neoklasiko bat da, bere zabaltasunagatik eta simetriagatik nabarmentzen dena. Alde bakoitzak 50 metro ditu.

Garai batean, ganadu-azoka egiten zen astelehenero plaza honetan. Gaur egun, larunbateko merkatuko postuak jartzen dituzte.

Eraiki zen lehen eraikina Justizia Jauregia izan zen. Eraikin horren arkitektura gainerakoenaren desberdina da. Erlojuaren gainean, jurisprudentziaren sinboloa den balantza dago oraindik. Horregatik, herritarrek Justizia plaza deitzen diote oraindik. Jauregia espetxea ere izan zen, bai XIX. mendean, bai Gerra Zibilaren garaian.

Bertan espetxeratu zuten Jose Mari Iparragirre poeta, euskal nazionalismoa goraipatzen zuten abestiak egiteagatik, haien artean Gernikako Arbola ospetsua. Uste denez, espetxean eman zuen aldian beste bertso ezagun bat konposatu zuen: amari eskainitako “Nere amak baleki”.

Garai batean eraiki honetan sartzeak itxialdia eta malenkonia bazekarren ere, gaur egun txotxongiloen mundu koloretsu, alai eta magikoaren lekua da. 2009. urtean eraikina birmoldatu zenetik, Tolosako Nazioarteko Txotxongiloen Zentroaren (TOPIC) egoitza da. Bertan, mundu osoko figurak dituen museo bat, zentro dokumental bat, egoitza bat, ikasgelak eta arte mota horri eskainitako antzoki bat daude. Merezi du bisita egitea.

Komeni da, halaber, plazako arkupea zeharkatzea eta sabaietako pinturak ikustea. Bertako lau artista ospetsuren obrak dira: Iñaki Epelde, Jose Luis Longaron, Koldo Jauregi eta Jose Mari Hernández. Gainera, giro bikaina sortzen da plazaren inguruan.

Giroaz ari garela: jaietan funtsezko uneak bizi izaten diren plazetako bat da. Une azpimarragarrienetako bat San Juan eguna da. Egun horretan, eskopetarien konpainia guztiak plaza honetan biltzen dira, elkarrekin salbak jotzeko. Lehentxeago, erraldoiek plazaren erdian egiten dute dantza, eta buruhandiek, berriz, Justizia Jauregiko balkoietan. Irudi ederra, zalantzarik gabe.

Hasi garen lekura itzuliko gara, hau da, Triangulo plazara.