Hemen zaude

Bordon-dantzak urrats esanguratsua eman du genero-neutraltasunean: jantzi parekidea lehen aldiz San Joan egunean

2025/06/23 |

Emakumeek lehen aldiz 2013an parte hartu zuten Sanjoanetako Bordon-dantzan. Geroztik, parte-hartzea berdinzalea izan da; hala ere, janzkerari dagokionez, desberdintasuna ageria izan da: gizonezkoek galtzekin eta emakumezkoek gonarekin dantzatu ohi izan dute.

Tolosako Bordon-dantzak mugarri historikoa ezarri du aurten, jantzi parekidea lehen aldiz erabiltzearekin. 2025eko ekainaren 24an, San Joan egunean, emakumezkoek eta gizonezkoek jantzi berdinarekin dantzatu dute Tolosako kaleetan, dantzariaren generoari erreparatu gabe. Aldaketa Udaberri Dantza Taldearen ekimenez eta Tolosako Udalaren laguntzarekin gauzatu da, eta ikus-entzuleen artean harrera beroa eta hunkigarria izan du.

Nondik dator Bordondantzarien jantzia?

Udaberri Dantza Taldeak 1970eko hamarkadan berreraiki zuen gaur egun dantzatzen duten Bordon-dantza, eta 1978an gizonezkoentzako jantzi tradizionala diseinatu zuen, Iztuetaren garaiko ezpata-dantzari gipuzkoarrean oinarrituta. Jantzi horrek forma eta funtzionaltasuna uztartzen ditu: alkandora zuria, belaunetarainoko linuzko zaraulak, gerriko gorria, galtzerdi zuriak, espartinak, buruko zapi zuria eta kaskabilodun zango-aztaletakoa, besteak beste.

Emakume Bordondatzarien jantziaren diseinua

Aipatu bezala, 2013an emakumeek lehen aldiz parte hartu zuten Bordon-dantzan, eta haientzat propio sortutako jantzia sortu zen: gona motza (Valentziar estilokoa) eta kotoizko puntilladun galtzak, pololo izenez ere ezagunak. Eredu horrek emakumeen presentzia azpimarratu nahi izan zuen hasiera batean, baina, nahi gabe bada ere, jantziaren bidezko genero-bereizketa finkatzen zuen. Beste dantza tradizional batzuetan emakumeek galtzekin dantzatzen duten arren, Tolosan galtzak generoarekin identifikatuta zeudela ulertu zen, eta horregatik aukeratu zen jantzi alternatibo bat, genero ikuspegitik bereizia.

Gaurko egunean, 2025eko ekainaren 24an, ikuspegi hori gainditu eta jantzi parekidearen aldeko apustua egin du Udaberri Dantza Taldeak. Helburua argia da: dantzariak ez emakume edo gizon moduan sailkatzea, baizik eta dantzari soil gisa ulertzea. Aldaketa honek bi neurri nagusi izan ditu: alde batetik, gizonezkoek emakumeen jantziarekin loturiko gona motza jantzi dute, ohikoa beste hainbat dantza tradizionaletan ere (hala nola, Ebro bailarako trokeo-dantzak edo Oñatiko Korpus dantzak); eta bestetik, emakumeek, orain arte erabiltzen zituzten pololoen ordez, linuzko zaraulak jantzi dituzte. Horrela, emakume bordondantzariekin loturiko silueta mantendu da, eta aldi berean, jantziaren uniformetasuna eta praktika funtzionala uztartzea lortu da.

Eboluzioa bai, identitatea galdu gabe

Iraganeko rol bereizketak gainditu dira, eta orain, dantzarien jantzia ez da generoaren arabera ezberdintzen, baizik eta taldearen batasunaren adierazle bihurtu da. Horrek indartu egiten du dantzaren irudia ikuslearen begietan, eta aldi berean, dantzarien arteko elkartasuna eta parekidetasuna sustatzen ditu. Tradizioak ez dira geldi mantentzen diren egituretan bizirik irauten, baizik eta belaunaldien artean biziberritzen direnean. Horrela, dantza ez da iraganera lotzen, baizik eta etorkizunerako bidea argitzen duen jarduera kolektiboa da.