Hemen zaude

TOLOSA ZURIA LORETAN: kolorez betetako asteburu zuria.

2019/05/17 |

 

Hemen da Tolosako asteburu politenetako bat, Museoaren Nazioarteko Egunak, Gau Zuriak eta Lore eta Landare Azoka Bereziak bat egiten dutenekoa. Kultura, usain gozoa, eta kolore mordoa: Tolosa Zuria Loretan. Tolosako zein kanpoko kultura eta lore zaleak elkartzeko plan perfektua.

Bigarren urtez jarraian, TOPICek, Tolosako Udalak eta Gipuzkoako Lore Saltzaileen Federazioak ekintzez betetako asteburua antolatuko dute Tolosan.

Ostiral honetan hasiko da (maiatzak 17), TOPIC musekoaren ate irekiekin eta Musika Eskolako ikasleen kontzertuekin, museoaren txoko ezberdinetan. Horrez gain “Escenas & Historias.El mundo mágico de Speeltheater Holland” aldi baterako erakusketara gaueko bisita gidatu bereziak egingo dira. TOPICen gauari amaiera emateko, Bide-Bide jatetxeak bereziki prestatutako Koktel Zuriaren dastaketa egingo da.

Larunbatean, TOPIC bisitatzeko aukera egongo da ere, ate irekien jardunaldian. Haurrentzat doako tailerra antolatu dute eta FOTOPICen parte-hartzaileen artean sari-banaketa egingo da.

 

Dena dela, azokak izango dira protagonistak: larunbatero Zerkausian eta Euskal Herria Plazan egiten den Tolosako merkatu tradizionalaz gainera, asteburu honetan Lore eta Landare Azoka Berezia edukiko dugu Berdura plazan. Parada interesgarria izango da lore mota ezberdinak ezagutu eta Tolosaldean kokatutako haztegietako ekoizleen eskutik aholkuak jasotzeko.

 

Arratsaldean, Berdura plazak eszenatokiz aldatuko du eta BirZiklatu bigarren eskuko merkatua egingo da bertan. Zerkausia ere itxuraldatu egingo da, XXV. edizioa betetzen duen Tolosako Musika Bandak “Musikaria” kontzertua eskainiko baitu.

 

Baina badira arrazoi gehiago Tolosaz gozatzera irteteko. Aurreko edizioetan lortutako arrakasta ikusita, aurten ere Tolosako Alde Zaharrera eta Santa Maria elizara gaueko bisita gidatuak egingo dira, zuziekin argiztatuta. Ostiralean eta larunbatean, gaueko 21:30ean.

 

Trianguloko plazako Gaztelako ate enblematikoan jarriko den lore-instalazio erraldoiari ere aipamen berezia egin behar zaio. Obraren izena "berrikuntzaren atea da", eta "alfonbra textural" zintzilikari bat da. Sortzailea: Gipuzkoako Lore Saltzaileen Elkartea.

 

Garrantzitsua: Tolosako Topic museora eta Alde Zaharrera bisita gidatuetan parte hartzeko izena eman behar da (Topicen edo Tolosaldea Tourren).

 

__

Programa:

MAIATZAK 17 ostirala- Museoen Nazioarteko Eguna&Gau Zuria

17:00-01:00 TOPIC museoaren ate irekiak

17:00-24:00 Tolosako Musika Eskolako ikasleen kontzertuak, Topic museoan.

23:00 “Escenas & historias. El mundo mágico de Speeltheater Holland (Studio)” aldi baterako erakusketara bisita gidatu bereziak (euskaraz). Izena eman behar da.

24:00 “Escenas & historias. El mundo mágico de Speeltheater Holland (Studio)” aldi baterako erakusketara bisita gidatu bereziak (gaztelaniaz).  Izena eman behar da.

21:30  Alde Zaharrera eta Santa Maria elizara gaueko bisita gidatua, euskaraz (Tolosaldea Tourren bulegoan hasten da).

22:30 -24:30  Bide-Bidek zerbitzatutako Koktel Zuriaren dastaketa, TOPIC museoan.

 

MAIATZAK 18 larunbata -Lore eta landare azoka berezia

9:00-14:00:  Asteroko merkatua ( Zerkausia eta Euskal Herria plaza).

9:00-14:00: Lore eta Landare Azoka Berezia.

10:00-14:00 eta 15:00-19:00  TOPIC museoaren ate irekiak.

12:00 FOTOPICen parte-hartzaileen artean sari-banaketa.

16:30-19:30 BirZIklatu Merkatua –Bigarren eskuko merkatua Berdura plazan.

17.00 -18:00 Haurrentzako tailerra Topic museoan (dohainik).

19:00: “Musikaria”: Tolosako musika bandaren kontzertua, Zerkausian. XXV. edizioa.

21:30  Alde Zaharrera eta Santa Maria elizara gaueko bisita gidatua, gaztelaniaz (Tolosaldea Tourren bulegoan hasten da).

 

“Tolosako Gaztelako atean lore-instalazio erraldoia”

Egilea: Gipuzkoako Lore Saltzaileen Elkartea

 

 

Azkenengo berriak