Nire herria (ber)ezagutzera gonbidatu nahi zaitut: Tolosa. Hurbildu, geratu tarte bat, arakatu txoko guztiak… begiratu, entzun, ukitu, usaindu eta dastatu gure ohiturak, eta, batez ere, ez ahaztu gozatzea.
Gure herria bakarra da, harrigarria egiten zait pentsatzea zer zorte izan dugun tolosarrek bertan bizitzeko. Hodei ilun batetik atera berri gara. Hegazkinean egindako bidaia batean turbulentziak iragartzen dituzten horietakoa. Orain, barea dator berriz. Baina beno, egia esan eta onura bat ateratzekotan, gure herriko txokoak berraurkitzeko balio izan digu garai honek. Eta orain, zuk ere berdina egiteko aukera iritsi da.
Izan ere, ez da gutxiagorako: lehen mailako merkataritzak, ospe handiko ostalaritzak, ingurune inbidiagarriak eta kultura- eta gastronomia-eskaintza zabalak irribarre-faktoria bihurtzen dute gure udalerria.
Irribarre hori. Larunbatean goizean goiz, Zerkausiko azokak bere postua ihintzez bustitako barazkiz betetzen ari den bitartean, ekoizleak -egun on!- agurtzen gaituen aldiro ateratzen zaigun hori. Azkeneko aldapa gainditu ondoren, Uzturre mendi tontorreko gurutze erraldoia ukitzen dugunean ateratzen zaigun hori. Ohar txiki bat: ohitura da mendian bidean gurutzatzen dituzun lagun guztiak agurtzea, eta are gehiago, esfortzuaren ondoren kroketa batzuk partekatzea.
Tolosa Oria ibaiaren ertzean ematen duzun ibilaldi luze hori da; edo piragua hartu eta berau zeharkatzea. Inoiz itzaltzen ez diren parrilla horiek askatzen duten brasa-usaina, edo txuletoiari ematen diozun lehen hozka. Udan itzaletan dauden Alde Zaharreko kale freskoetan ibili, gorantz begiratu eta fatxada zaharretako armarriek kontatzen duten sekretu bakoitza bilatzea. Gure dendarien konfiantza keinu bat, erakusleihotik begira ikusten zaituenean. Gaztelako atea zeharkatu eta lehen Tolosa uharte bat zela imajinatzea. Euskal Herria plazara iritsi eta zurito bat pintxo batekin aire zabalean dastatzea. Ai, zenbat elkar aurkitze biziko zituen plaza honek bere arkuen azpian...
Oinez zoazela, denetarik entzun dezakezu: pilotaren soinua boteka Beotibar pilotalekuan, txistulariak Erraldoi eta Buruhandiekin kalean gora, mundu osoko abesbatzak Nazioarteko Lehiaketan, Marionaren ahotsa Topic-era sartzen zarenean, Santa Maria parrokiako kanpaiak eskopeteroen ondoan, eta txarangak, txarangak beti beren inauterietako melodiekin.. Bai, itzuliko dira! Gure herriko festak gustatzen zaizkigunarekin, horiexek itzultzea izango da San Juan suan eskatuko dugun desioetako bat.
Azken finean, Tolosa hain harro sentiarazten gaituzten xehetasun guzti horiek dira. Gu garen tokikoak izateaz harro egotea; jaiotzaz nahiz adopzioz.
Horregatik guztiagatik, nire herria ezagutzera gonbidatzen zaitut. Agian zure lehen bisita izango da, edo agian bosgarrena, baina ziur nago Tolosa, zapaltzen duzun lehen alditik, etxean bezala sentiarazten zaituen leku horietako bat dela. Utz iezaguzu ondoen egiten dakiguna egiten: gure besoak zabaldu, egonaldi perfektua planifikatzen lagundu, eta etxe deitzen diogun leku honetaz zu ere maitemintzea lortu. Zure irribarrea nahi dugu.
Ikusiko dugu elkar?
Ftua.: Tolosar bat ❤️