Hemen zaude

Ezagutu Tolosako Andre Mari elizako txoko berezienak esklusiboki

2020/06/29 |

Gaurkoan plan berri batekin gatoz! Uda honetan Tolosara hurbiltzen zareten bisitariek nahiz oporrak herrian bertan igaroko dituzuen herritarrek bisita berezi bat egiteko aukera izango duzue. Izan ere, berregokitze lanak amaituta, Andre Mari elizako bobedak, organoa, artxiboa eta museoa bisitatu ahal izango dituzue aurten, lehenengoz. 

tolosa, turismoa, Andre Mari eliza, bisita gidatuak

Dakizuen bezala osasun krisiak turismoan eragin zuzena izan du, hori dela eta Tolosa ezagutzeko bisita gidatuak ere hainbat hilabetez egon dira etenda. Baina lanean jardun gara berrikuntzaz beteta itzultzeko eta datorren asteazkenean, uztailaren 1ean jarriko dugu guztia berriz ere martxan. 

Uztailaren lehenengoan hasi eta abuztuaren 27ra bitartean astelehenetik larunbatera izango duzue Tolosa gertuxeagotik ezagutzeko aukera. Lehenengo bisita 10:00etan abiatuko da, eta Tolosako Alde Zaharrean ditugun txoko berezi eta politen historia ezagutu ahal izango duzue, ez galdu aukera!

Ondorengo biak ere aski interesgarriak izango dira. Andre Mari eliza izango baita bisita-leku. Bereziak izango dira saioak, orain arte publikoarentzat ezezagunak ziren elizako txokoak erakutsiko baitira bertan. Esaterako, 11:00etako txandan, elizako organo bitxia eta beren jatorrizko egitura mantentzen duten bobedak bisitatzeko aukera izango da. Horretarako karakol formako eskailerak igo beharko dituzu elizaren tontorrera iritsi arte, bertan egurrez eraikitako estrukturan barrena ibiliko zara, zoragarria da.

tolosa, turismoa, Andre Mari eliza, bisita gidatuak

tolosa, turismoa, Andre Mari eliza, bisita gidatuak

12:00etako bisitan, berriz, Eugenio Maria Azcue margolariak XIX.mende erdialdean sortutako artelanak erakutsiko dira, elizako hormetan dauden artistaren bi obra berreskuratzeko lanetan dira une honetan. Zorte apur batekin, lanean nola ari diren ikusi ahal izango duzue. Benetan bitxia da errestauratze prozesua nola egiten den ikustea! 

Barrualdera sartuta, Gipuzkoako Artxiboa izan zenaren XVI. mendeko altzari handi bat eta museo txiki bat ikusteko aukera izango da. Txikia izanagatik, altxor hainbat ditu museoak: artxiboan zegoen Gipuzkoako armarriaren pieza originala eta Izaskungo ama birjinaren figura originala, besteak beste. 

tolosa, turismoa, Andre Mari eliza, bisita gidatuak

tolosa, turismoa, Andre Mari eliza, bisita gidatuak

Aurretiaz hitzordua hartuta

Bisita guztiak elebitan izango dira, eta bisitarien arabera egokituz joango dira gidak. Guztiak taldean egiteko antolatu dituzte baina segurtasuna bermatzearren, bisitan zehar musukoa eramatea nahitaezkoa izango da. Horren harira, gauden egoera dela eta aurretiaz eskatu beharko da hitzordua. Hala ere, ez baduzu erreserba egiteko astirik izan, lasai egon, lekurik geratzen bada, unean bertan gerturatu eta ibilbidea egiteko aukera izango duzu.

Tolosaldeko bisitariek eta irakasle zein lau urtetik beherako haurrek doan izango dute sarrera. Beste bisitarien sarreraren prezioa 3 eurokoa da (BEZ barne). 

15 pertsonatik gorako taldeek, berriz, 1,5€-ko tarifa ordaindu beharko dute, 4 eta 16 urte bitarteko haurren, erretirodunen, langabeen eta Nekatur eta Basquecard txartela dutenen moduan.

Sarrerak eskuragarri daude, jada, Andre Maria plazako Turismo Bulegoan.

Tolosako bisita gidatuen eskaintza - 2020ko uda

10:00          Tolosako Alde Zaharreko txokoen historia.
11:00 Andre Mari eliza: organoa eta bobedak.
12:00 Andre Mari eliza: Azkueren margolanak, Gipuzkoako artxibo ohia eta museoa.