Maiatzaren 15etik 18ra bitartean, Tolosa zaporearen epizentro bihurtu zen tokiko haragiei eskainitako azoka bereziarekin
Bisitatzeko aukera izan zuten guztiei aho-zapore bikaina utzi dien hitzordua izan da. Lau egunez, Tolosa aromaz eta kalitatezko proposamen gastronomikoz bete zen. Baina, zer izan da lau egun hauetako onena?
Haragi gisatuaren lehiaketa
Aurtengo edizioko berrikuntzarik handienetako bat izan da haragi gisatuaren lehiaketa, haurrak azokara eta sukaldaritzara gerturatzeko helburuarekin sortua, eta egunerokoan presentzia galtzen ari den plater tradizional bati balioa emateko asmoz.
Bi orduz aritu ziren bikoteak beren gisatuak prestatzen, ikusleek prozesua jakin-minez jarraitzen zuten bitartean. Azkenean, Javier, Inhar eta Aloha Sánchezek irabazi zuten lehen saria; bigarren Xabier eta Unax Aizpurua geratu ziren, eta podiuma Leire Ensaola eta Aner Otxotorenak osatu zuten.
Bertako haragien azoka
Ekoizleek ekarritako produktuen kalitatea ikaragarria izan zen, (ia) dena agortu zen! Etxera txuletoiak, hestebeteak, hanburgesak edo prestakin bereziak eraman nahi zituenak azkar ibili behar izan zuen. Bertakotasunaren eta kalitatearen aldeko apustua eginez gero, arrakasta ziurtatuta dagoela argi geratu zen.
Zumarditxikiko foodtruck gunea
Zalantzarik gabe, azokaren edizio bakoitzean ikusmin handiena sortzen duen guneetako bat da. Ehunka lagun hurbildu ziren txoko gastronomiko honetara proposamenen bila. Hanburgesak izan ziren, oraingoan ere, protagonista nagusiak. Gainera, gune horretan bertan hainbat kontzertu egin ziren azokak iraun zuen egunetan zehar, Zumarditxiki jai-giroaz gozatzeko leku bihurtuz.
Eta zuk, zer gozatu zenuen gehien bertako haragien azoka berezi honetaz? Konta iezaguzu gure Instagram (@tolosaturismoa) kontuan. Segi dezagun Tolosa elkarrekin ospatzen!