Hemen zaude

Artea Aralar mendilerroaren atarian: erakusketa paregabe bat, basoaren erdian

2021/09/28 |

Azken Muga Jaialdiko aire zabaleko erakusketa batek hainbat modalitatetako lanak biltzen ditu Zaraten, Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko mugan.

Zarateko lepoa leku magikoa da urteko edozein sasoitan. Bedaio –Tolosako landa eremuan– eta Araitz bailarako Azkarate artean dago, eta Aralarko Natura Parkearen sarreretako bat da.

Pagadien edertasunak eta Malloetako pareten handitasunak toki hau berezi egiten dute. Are gehiago udako hilabeteetan eta udazkenaren hasieran, non aire zabaleko museo bihurtzen den.

Izan ere, garai batean Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko muga izan zen puntu honetan Azken Muga ospatzen da: artea, kultura eta natura uztartzen dituen jaialdia. Eta leku magiko bati osagai magiko gehiago gehitzen bazaizkio, emaitza ezin zoragarriagoa izan.

Urtero, uztaila eta iraila bitartean, hainbat motatako kontzertuak, performanceak, dantzak eta hitzaldiak antolatzen dira bertan. Eta horietako askotan giroa benetan berezia da. Ikusi, ikusi, bestela bideoa!

Jaialdiak erakusketa iragankor bat izaten du urtero, baita aurten ere. Baso-ingurunean, mota guztietako artisten lanak daude ikusgai: eskultura, pintura, poesia, arte urbanoa...

Artista hauek astebeteko egonaldia egiten dute, hain zuzen, jaialdia inauguratu aurreko astean. Artista bakoitzak bere lana garatzen du egun horietan, eta hurrengo hilabeteetan erakusten du Zarateko pagadian edo bertako aterpean –Zaratetxen–.

Aurten, erakusketan topa ditzakezu 8 metroko garaiera duen Guillermo Olmoren zurezko aulki erraldoi bat; Aitor eta Nextor Otaño aita-semeen –Nexgraff– artzain baten erretratu graffiti errealista; Olatz Peredak eta Jofre Sebastianek intsektu eta hegaztientzat babesleku gisa egindako bi eskultura; lau zuhaitz lotzen dituen lau metroko hamaka handi bat, material birziklatuak erabiliz Elena Scarattik sortua; edo basotik jasotako elementuetatik zintzilik dauden Joana Mendizabalen akuarelak… Eta askoz ere gehiago!

 

 

 

 

 

 

Hona hemen Nexgraffen grafitia sortzeko prozesua, minutu t’erdian laburbilduta:

Zarateko lepora iristeko, autoa Bedaion utzi behar da, eta ezkerretara doan bidea hartu, errepidea amaitzen den lekuan, frontoiaren parean. Artikulu honetan Bedaiori buruzko xehetasun gehiago ematen ditugu.

Argazkiak: Azken muga (Facebook)