Tolosako lehen eraikina jaso zen lekuan zaude seguruenik. Erabat berresten duen dokumentaziorik ez badago ere, Andia Dorrea X. menderako eraikita zegoela adierazten duten zantzuak daude.
Bertan jaio eta bizi izan zen Domenjon Gonzalez Andia, Batzar Nagusietako eskribaua eta funtsezko figura foru-erakundeak eratzeko oinarria izan zen Gipuzkoako Ermandadea finkatzeko eginkizunean. Hori dela eta, Gipuzkoako Errege goitizena jarri zioten. Halaber, zeregin garrantzitsua bete zuen Ingalaterrako koroarekin bakea sinatzeko. Itun horri esker, Gipuzkoaren eta Ingalaterraren arteko itsas trafikoa sendotu egin zen.
Dorrera itzuliko gara. Izan ere, 1503an Tolosa suntsitu zuen sutean, lau hormak baino ez ziren zutik geratu. Domenjonen seme Anton Gonzalez Andiak berreraikitzeko agindua eman zuen, eta Udalari eman zion gero. Harrezkero, hainbat erabilera eman zitzaizkiola uste da: alondegia izan zen 1524an, eta kontzejuaren egoitza eta Udaletxea 1546. urteaz geroztik. Espetxea izan zela ere aipatu dute zenbaitek.
Gaur egun, etxebizitza-bloke bat da, eta armarri baten aztarnak eta teilatu-hegalean zeuden bost gargoletako bi baino ez dira geratzen.
Domenjón González Andiaren irudia ez da desagertu, beste modu batean agertzen bada ere. Tolosako erraldoi eta buruhandien konpartsako figuretako bat da. Desfileko burua da, eta dantzetan bikotea osatzen du haren emazteari eskainitako erraldoiarekin: Catalina de Tapia.
Konpartsa hogeita hamar bat gaztez osatuta dago, eta sei erraldoi eta hamar buruhandi ditu, Iñaki Moyua artistak egindakoak. Jaiegun seinalatu guztietan agertzen dira, eta, beraz, zure bisita egun horietako batean egiten baduzu, ez geratu nola dantzatzen eta bira egiten duten ikusi gabe. Aire, aire!
Jarraitu ibilbidea hurrengo punturaino: Atodo Jauregia.