Usted está aquí

Musikak Tolosako kaleak hartuko ditu

15/10/2021 |

Eta zenbateko gogoak ditugun! Tolosaz askotan esan izan da beti baduela girotuko duen zerbait: izan txarangak, dultzaineroak, trikitilariak, dantzariak edota erraldoi eta buruhandiak.

Ohitura da ia astero kaleko musika talderen bat aurkitzea, batez ere larunbat eguerdietan, azoka eguna baita. Bada, asteburu honetan, Musikherria ospatuko da: Tolosako ia musika talde guztiak kalera ateratzen diren eguna da. Nonahi izaten da musika: zoazen lekura zoazela –erdigunetik gertu– talderen bat izango da!

Musikherria festa urteroko tradizio bilakatzeko bidean da, eta dozenaka musikari biltzen ditu. Aurten larunbat honetan, urriaren 16an, egingo da (beste edizio batzuetan udaberrian ospatu izan bada ere).

Musika goizean goiz hasten da auzoetan, dultzainero, txistulari edo txarangen doinuekin.

Eguerdirako, Alde Zaharrean izango da giroa, baina aurten agertoki finko bat ere egongo da, Lopez Mendizabal plazan, Frontoitik oso gertu. Bertatik, akordeoi orkestrak, koruak eta beste talde batzuk igaroko dira.

Egunari amaiera kontzertu batekin ematen zaio beti. Aurten, Orquesta Bisutería taldeak blues, rock, jazz eta soul doinuz beteko du Plaza Berria. 

Puntako euskal musikariak batzen dituen taldea da, besteak beste, Iñaki Salvador, Karlos Gimenez, Ainara Ortega, Ritxi Salaberria, Angel Unzu, Pako Diaz eta Pirata izango dira bertan. Zalantzarik gabe, musika onaz gozatzeko aukera paregabea.

Klikatu hemen programa osoa ikusteko.

Eta adi!, Tolosako kultur ekitaldien faktoria puri-puri dago: urriaren amaieran Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketa dator. Zain gaituzu!