Usted está aquí

Babarrun-jana eta giro ona alde guztietatik Tolosako babarrunaren festa tradizionalean

18/11/2019 |

Herrian bizitasun handiena izaten den ekitaldietako bat da Tolosako Babarrunaren Festa ospatzen den asteburua. Eta arrazoia hauxe da, perla beltzaren inguruko aparteko festaren barruan egiten direlako herri bazkariak, lehiaketa gastronomikoak eta kaleko emanaldiak, bertakoak eta bisitari ugari biltzen dituztenak.

Aurten, eguraldi txarra izan dugun arren, Babarrunaren Festak ez du ez galdu azken urteetan lortutako arrakasta. 

Zerkausian egin ohi den azokaren hasierarekin batera, babarrun usain goxoa goiz-goizetik zabaldu zen larunbatean Tolosako kaleetatik. Ohitura denez, tokiko sukaldariek Ekoizleen Lehiaketan parte hartutako babarrun guztiak prestatu zituzten, 24 guztira. Aurtengo irabazlea Berastegiko Sebas Gartziarena izan da.

 

Hain zuzen ere, Tolosako babarrunaren ekoizleen Elkarteak adierazi duenez "aurreko urtekoa baino hobea" da aurtengo uzta. Berantiarra izan bada ere, nabarmendu dutenez “azkarrago egosten da, eta finagoa eta kalitate hobeagokoa da ateratzen zaion zukua”.

Babarrunaren aparteko azoka bisitatzea erabaki zutenak barazki-odolkiaren lehiaketara ere bertaratu ziren jakinminez. Ezkio-Itsasoko Jexux Mari Debak irabazi zuen lehenengo saria.

Tolosako tabernetan eta elkarte gastronomikoetan egin ohi den babarrun-jan tradizionalaren ondoren, Euskal Jaiak hartu zuen aparteko azokaren erreleboa. Bertsolariek, trikitilariek, txarangek, DJek eta musika-taldeek giro ederra zabaldu zuten euskal jantzi tradizionalekin apaindutako jendez gainezka zeuden alde zaharreko kale eta plazetatik.

 

Igandeko herri bazkariak amaiera bikaina eman zion festari; izan ere, 500etik gora lagun bildu ziren Zerkausiko janlekuan. Aurretik, herri lehiaketa gastronomikoan, Marijo Irastorza eta Karlos Jacinto irten ziren txapeldun.