Tolosako Hondartza Boleiaren XV. Txapelketa itzuliko da irailaren 2tik 6ra, oraingoan Euskal Herria Plazan jokatuko dena.
Duela 15 urte geroztik, iraila heltzearekin batera, Tolosa hondartza duen herria izatera pasatzen da, eta horrek gauza bakarra esan nahi du: hemen da Tolosako Hondartza Bolei Txapelketa!
Tolobolei elkarteak antolatzen duen ekitaldi honek herritarrak eta bisitariak bilduko ditu, giro aparta sortuz Euskal Herria Plazan. Bost egunez jarraian, irailaren 2tik 6ra, 27 taldek neurtuko dituzte indarrak, eta ohiturari jarraituz, talde bakoitzak tokiko taberna edo komertzio baten izena eramango du babesle gisa.
Aurtengo edizioa, gainera, berrikuntza batekin dator. Ostiralerako gau tematiko berezi bat antolatu dute antolakuntzako kideek, Brasil izanik aukeratutako gaia. Musikarekin eta mozorroekin girotzea da asmoa, eta jendea proposamen horretara batzea espero dute. Horrez gain, urteroko legez, astean zehar zozketak egingo dira: hainbat tabernek eskainitako opari-txartelak banatuko dira, txosnan erosi ahal izango direnak, eta arratsaldeetan zozketatuko dira.
Partiden ordutegia:
Asteartetik ostegunera: 16:45 – 23:00
Ostiralean: 16:45 – 00:00
Larunbatean: 10:00 – 20:00
Iazko edizioan, Agirre Estankoa izan zen irabazlea; bigarren postuan Garia eta hirugarren tokian Illargi geratu ziren.
Zorte on parte-hartzaile guztiei!