Hemen zaude

Tolosako T3T, T2T eta orain T1T mendi lasterketak ekainak 15ean ospatuko dia

2025/06/02 |

Ekainaren 15ean, Tolosak berriz ere mendiko lasterketen festa handia bereganatuko du.

Hamargarren urtez jarriko da martxan T3T – Tolosaldeko 3 Tontorrak - lasterketa eta zortzigarren aldiz ospatuko da T2T – Tolosaldeko 2 Tontorrak - . Aurtengo edizioa, gainera, berrikuntza batekin dator: T1T – Tolosaldeko 1 Tontorra- gazteei zuzendutako 10 kilometroko proba.

T3T: Hiru tontorreko erronka handia

Goizeko 8:45ean irtengo dira T3T lasterketan parte hartuko duten korrikalariak, Triangulo plazatik. Parte-hartzaileek 42,8 kilometro egingo dituzte, eta 2.878 metroko desnibel positiboa gainditu beharko dute. Ibilbidean Erroizpe/Larte, Uzturre eta Ernio tontorrak zeharkatuko dituzte, Tolosatik abiatu eta Ibarra, Leaburu, Elduaien, Irura eta Anoetatik pasatuz.

T2T: Bi tontor eta erritmo biziagoa

Goizeko 9:30ean abiatuko da T2T, Triangulo plazatik. Proba honek 24,1 kilometro eta 1.600 metroko desnibel positiboa ditu, eta Uzturre eta Erroizpe/Larte mendiak izango dira protagonistak. Leaburuko bideetatik eta Elduaien ingurutik igaroko da, eta korrikalariek gehienez bost ordu izango dituzte helmugara heltzeko.

T1T: Gazteentzako erronka berria

Aurten estreinatuko da T1T – Tolosaldeko 1 Tontorra - 16 eta 17 urteko gazteei zuzendutako lasterketa berria. 9:30ean aterako dira korrikalari gazteak, T2T-rekin batera, eta 10 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik, 600 metroko desnibel positiboarekin. Parte-hartzaileek Leaburutik Elduainera igoko dira, eta Erroizpe/Larte tontorra izango dute helmuga nagusia.

Non eta noiz ikusi lasterketak?

Mendira joateko asmoa dutenentzat, hauek dira ikusleentzako gomendatutako lekuak:

  • Erroizpe/Larte: lasterketa guztien puntu komuna da, eta jendetza handia biltzen da bertan.
  • Uzturre eta Ernio: T2T eta T3T lasterketetako gailurrak dira, eta ikuspegi ikusgarriak eskaintzen dituzte.
  • Elduaien: igarobide estrategikoa da hiru lasterketetan, eta giro bizia izaten da bertan.

Ibilbideko beste punturik beroenetako bat, zalantzarik gabe, helmuga da. Jai giro bikaina sortzen da azken metroetan, edonori oilo-ipurdia jartzerainokoa. Nafarroako Zubitik hasita, Zerkausiaren luzera osoan zehar, zaleek korridore bat sortzen dute alde bietan jarrita, eta Gaztelako Arkutik igaro eta Triangulo plazako azken metroak ikusgarriak izaten dira. 

Ibilbide guztian emozioak puri-purian izaten dira. Helmugan itxarongo duen horietako bazara, itxaronaldia arinagoa egingo zaizu inguruko tabernaren batean pintxo bat jatearekin konbinatuz gero! Eguraldiak laguntzen badu, gainera, zer esanik ez. Ikuskizuna ziurtatuta dago.

Hemendik, animo parte hartzaile guztiei!