Inauteri hauek inoiz baino koloretsuagoak izatea nahi dugu. Eta horretarako zu ere behar zaitugu!
Tolosa&Co-rekin elkarlanean, Inauterietako jaietan balkoien dekorazioa bultzatzeko lehiaketa bat antolatu dugu. Zure mozorro onenaz gain, herria kolorez betetzea eta gure balkoiek inoiz baino protagonismo handiagoa izatea nahi dugu aurten, garai batean ohitura zen modura.
Tolosako dendetan oihalak eta apaingarriak erostera animatzen zaitugu, komertzio txikia babesteko eta 20 urte baino gehiagoko tradizioa berreskuratzeko: 300 euro lortu ditzakezu gainera zure balkoia Tolosako dibertigarriena bada! Ikusi hemen nola parte hartu.
Baina badakizu nondik datorren ohitura?
Badirudi Azkaratek Galtzaundiri eskainitako bertso batean oinarrituta sortu zela tradizioa. Bertan, jaiegunetan etxeetako leiho eta balkoiak apaintzeko elementu gisa ohegainekoak jartzea aipatzen da. Ideia hori buruan, alde zaharreko Letxuga kaleko merkatariak oihalak jartzen hasi ziren eta, denborarekin, ohitura handituz joan zen.
Azken urteotan parte-hartze txikiagoa nabaritu dugu, eta horregatik zure laguntza eskatzen dugu hain gurea den berezitasun hori babesteko. Utzi zure irudimenari hegan egiten, eskuratu zure oihal eta apaingarri gogokoenak eta apaindu zure balkoia ahalik eta modu original eta koloretsuenean.
Epaimahaia, moda eta espazioen dekorazioan adituek osatua, Tolosako kaleetatik igaroko da ostegun gizen goizean irabazlearen bila (300 euroko saria jasoko du!). Animatu parte hartzera!
NOLA PARTE HARTU?