Hemen zaude

Nazioarteko abesbatza hoberenen erakusleiho izan da Tolosa 51garrenez

2019/11/04 |

Tolosako Abesbatza Lehiaketaren 51. edizioa ospatu da asteburu honetan Tolosan, eta Indonesiako Batavia Madrigal Singers izan da irabazle nagusia, 4 sarirekin. Horien artean, 2020an Hungarian ospatuko den Europako Lehiaketan parte hartzeko aukera emango dien Kutxa Sari Nagusia. Euskal Herriko musikarekiko duten zaletasunaren erakusle, euskaraz abestu zuten sari banaketaren ostean. 

Gertuko bi abesbatza izan dira 51. edizio honetan: Asturias eta Galiziakoak. Horiez gain, dozena bat herrialdetako abesbatzak hartu dute parte nazioartean gero eta ezagunagoa den lehiaketa honetan: Indonesia, Japonia, Polonia, Ukrainia, Letonia, Suitza, Lituania, Alemania, Belgika... 

Folklorea, polifonia, musika sakroa, musika profanoa… Tolosako Lehiaketa honek ohiko dituen modalitateetatik ez du bakar batek ere huts egin. Garbi dago Tolosa agertoki prestigiodunetako bat dugula kontinentean, lehiaketa hau Europako lehiaketa onenen artean baitago. Gainera, Euskal Herriko ohitura musika eta kulturala mundu mailan zabaltzeko parada ere bada. 

Abestea maite dutenen topaleku honetan, epaimahaiak izan du lan guztien artean zailena: abeslarien kalitatea, zuzendariena, edo obren zailtasunari jarri behar diote, besteak beste, puntuazioa. Indonesiako Batavia Madrigal Singers abesbatza izan da saridun nagusia, 4 sarirekin:  Ganbera abesbatzak Polifonia eta Folklore modalitateetan, Publikoaren Saria, eta Kutxa Sari Nagusia (Europako Sari Nagusirako sailkapena).

Hona hemen Lehiaketaren azken saioaren amaieran Tolosaldeko Atariak grabatutako bideo bat, non talde indonesiarrak eta ikusleek Agur Jaunak kantatu zuten, urteroko ohitura den modura:

 

 

51. Tolosako Abesbatza Lehiaketako sailkapenak:

Ganbera abesbatzak (Polifonia modalitatea):

  1. Batavia Madrigal Singers (Indonesia): 468 puntu.
  2. JCA National Youth Choir (Japonia): 458 puntu.
  3. Männerstimmen Basel (Suitza): 417 puntu.

 

Ganbera abesbatzak (Folklore modalitatea):

  1. Batavia Madrigal Singers (Indonesia): 473 puntu.
  2. JCA National Youth Choir (Japonia): 467 puntu.
  3. Pa Saulei (Letonia): 420 puntu.

 

Ahots taldeak (musika profanoa):

  1. Art'n Voices (Polonia): 443 puntu.
  2. Glier College Vocal Group (Ukrainia): 427 puntu.
  3. Era Vocal Group (Letonia): 416 puntu.

 

Ahots taldeak (musika erlijiosoa):

  1. Art'n Voices (Polonia): 456 puntu.
  2. Glier College Vocal Group (Ukrainia): 426 puntu.
  3. Era Vocal Group (Letonia): 421 puntu.

 

Europako Sari Nagusirako sailkapena:

  1. Batavia Madrigal Singers (Indonesia).
  2. JCA National Youth Choir (Japonia).
  3. Art'n Voices (Polonia).
  4. Glier College Vocal Group (Ukrainia).
  5. Era Vocal Group (Letonia).
  6. Männerstimmen Basel (Suitza).
  7. Pa Saulei (Letonia).
  8. Aurum (Asturias).
  9. Bel Canto Vilnius (Lituania).
  10. Collegium Musicum Berlin (Alemania).
  11. 441 Hz (Polonia).
  12. Gema Sangkakala (Indonesia).
  13. Coro Gaos (Galizia).
  14. Consolatio Choir (Indonesia).
  15. Swara Vocal Esemble (Belgika).