Irailaren 22a arte, uda. Eta hau, azken egunak aprobetxatzeko gida.
1. Tolosako Garagardo Festa - TAKE
Garagardo-zaleentzat ezinbesteko hitzordua da Tolosako Garagardo Festa (TAKE saskibaloi taldeak antolatuta). Irailaren 19tik 22ra izango da, eta bertan hainbat herrialde ezberdinetako garagardoa dastatu ahal izango dira. Gainera, musika, janari eta lagunarteko giro aparta izango da. Informazio gehiagorako begiratu beraien sare sozialak @take_tolosa.
2. Tolosako Azoka
Tolosako larunbat goizak azoka sinonimo dira. Bertako ekoizleek eskaintzen dituzten sasoiko produktu freskoak ezagutzeko aukera da: barazkiak, frutak, gaztak, eta askoz ere gehiago. Bertakoak zein bisitariak elkartzen dira azokaren 3 gune desberdinetan: Zerkausian, Euskal Herri Plazan eta Berdura Plazan.
3. Mendi buelta eta ilunabarra Uzturre mendian
Uzturre mendira irteera egunotan egiteko aukerarik ezagunetarikoa da. Mendia igo ahala, inguruko ikuspegi zoragarriez gozatzen da, eta tontorrera iritsitakoan, zer hoberik ilunabar magiko bat ikustea baino? Tolosako eta bailarako paisaiak urre koloreko argiekin argiztatuta ikusiko dituzu, uda agurtzeko momentu paregabea eskainiz.
4. TOPIC
Uda ezingo duzu itxi Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa (TOPIC) ezagutu gabe. Txotxongiloen munduan murgiltzeko aukera paregabea eskaintzen du, eta bertan, erakusketa iraunkorra bisitatuz, mundu osoko txotxongilo eta teknikak ezagutuko dituzu. Gainera, museoan tailerrak eta jarduera interaktiboak ere aurki ditzakezu, txikienek zein helduek txotxongiloen magia guztiz bizitzeko aukera izan dezaten. Informazio gehiagorako bisitatu topic.eus/eu/ .