Hemen zaude

Atera zukua gozatzeko moduko asteburu honi: HARAGI, Azoka, kontzertuak, Museoen Eguna…

2023/05/18 |

Haragiz egindako mokadu ugari dastatzeko aukera izango da asteburu honetan Tolosan; eta hori, festa giro apartan, orotariko kontzertuak ere izango baitira hiru egunetan. Baina nola antolatu asteburua ahalik eta gehien aprobetxatzeko?

Bihar iritsiko da Tolosara HARAGI, urtero jende ugari bildu ohi duen Txingarraren eta Haragiaren Nazioarteko Topaketa. Parte hartzeko, haragi mota ezberdinak dastatzeko eta ikuskizunekin gozatzeko aukera ematen du festak. 

Ostirala: iluntzean festa

Asteburu gogoz dagoen ororentzat aukera. Zumardi Txiki ederrean, ibaiaren altzoan, HARAGI Fest izango da, 18:00etatik gauerdia arte. Hiru dira festaren ezaugarri nagusiak: bildu ohi den jendetza, pintxo-eskaintza eta kontzertuak.

Hain zuzen, zortzi foodtrack-etako pintxoak dastatzeko aukera izango da: glutenik gabeak, janari txiletarra, hanburgesa eta smash burgerrak, AMA jatetxeak bertako produktuekin prestatuko mokaduak; Balerdipeko Erleak-en natxo, saltxitxa eta gofre eskaintza; eta Rafa Gorrotxategiren cookieak.

Jan-edana egin bitartean jaia girotzeko bi musika emanaldi ere izango dira: DZ Dj-a eta Kumbia Boruka taldea. Dantzatzera ausartuko?

Museoen Nazioarteko Egunaren aitzakian, TOPIC museoak ere bere ateak zabalduko ditu, 22:o0ak bitarte. Musika eskolako ikasleek girotuko dituzte, gainera, bertako aretoak, eta hainbat artistaren lana gertutik ezagutzeko aukera izango da.

Larunbata: haragi eta kontzertu eskaintza zabalagoa

Eguna Azokan buelta bat emanez eta produktu freskorik onenak erosiz hastea proposatzen dizugu. Ilarrak, zainzuriak, babak, tomateak, gazta, udaberriko xixak… Eskaintza paregabea da. Baita lore eta landareen kasuan ere.

Triangulora mugituko da festa goiz erdian, HARAGIko hiru gonbidatu zuzenean errekiak prestatzen arituko baitira. Ikusgarria izan ohi da, sukaldari bakoitzak teknika ezberdinak erabiltzen baititu. Aurten, Florencia Abella, Felicitas Pizarro eta Txomin Parrilla izango dira, eta bertako lau behi arrazaren haragia, Vacío saiheski kortea edota arandoi eta bife erreak dastatzeko aukera eskainiko dute.

Eguerdian zabalduko da berriro Zumardi Txikiko festa gunea. 12:00etatik 00:00etara foodtruck-etako jakiak dastatzeko aukera izango da, baita txuleta ere.

Egunean zehar kontzertu ugari izango dira herriko puntu askotan: HARAGI Fest-eko eskaintzaz gain –Aria, Pasadena eta Muzak taldeen emanaldiak izango dira–, herriko musika bandak ikasleekin batera kontzertua emango du Plaza Zaharrean. Plaza Berrian, berriz, publiko gazteenarentzako aukera izango da 20:00etan, Merina Gris-en emanaldiarekin, Alai eta Aitana Grandes DJek lagunduta.

Igandean: hanburgesa lehiaketa eta txuleta bazkari tradizionala

Eta, gosez jarraituz gero, igandean ere izango da gozatzeko aukera. Zerkausian zentratuko da gehienbat festa. Euskadiko Hanburgesa Lehiaketaren I. Edizioa ospatuko da. 51 harategik parte hartuko dute, eta horien artean hanburgesa tradizional eta berritzaile onenak hautatuko dira. 11:00etan abiatuko da, eta prestatutakoa, gero, publikoaren artean banatuko da.

13:15etik aurrera, berriz, Txuleta festa ospatuko da leku berean. Erretegi erraldoi izango da beste behin Zerkausia, eta erretegietako menu tradizionalaz gozatu ahal izango da: idi txistorra, porruak parrillan, zainzuriak, txuleta tolosar erara, pikillo pipar erreak, gazta, Teila eta Zigarrotxoak eta euskal pastela.

Piztu al zaizu etortzeko gosea?