Euria ez da festarako eragozpena izan, eta ehundaka pertsona bildu dira Babarrun festan, Tolosa eta bere kaleak musikaz, kolorez eta giro bikainaz zipriztinduz.
Tolosako festa egun garrantzitsuenetako bat izaten da Babarrunaren azoka bereziarena. Euskal Jaia ere ospatzen da egun berean, eta ia 24 orduz jai giroa izaten da nagusi Tolosan. Hiru urteko itxaronaldiaren ondoren, jai egun handia itzuli da Tolosara.
Babarrun onena, Joxe Mari Aranburu-rena
Goizaldean hasi dira lehen babarrunak egosten, Tolosako babarrun ekoizleen lehiaketarako. Felix Belauntzaran, Roberto Ruiz, Txemari Esteban eta Peio Doyharzabal sukaldariek kozinatu dituzte lehiaketara aurkeztu diren babarrun guztiak. Gutxienez hiru orduz izan dira babarrunak, pul-pul, su baxuan egosten.
Guztira 26 ekoizlek hartu dute parte Babarrun ekoizleen lehiaketan, eta sari nagusia Oiartzunera joan da. Joxe Mari Aranbururen aleak izendatu dituzte 2022ko babarrun onenak.
Epaimahaia 7 lagunek osatu dute: Miriam Arandia (Babarrunaren Kofradia), Lidia Olaizola (Kaia), Enrique Fleischmann (Bailara), Pili Manterola (Iribar), Esther Sanchez (Elkano), Eli Belauntzaran (kazetaria) eta Edurne Pastor (Tolosako Azoka Laguna).
22 bikote lehiaketa gastronomikoan
Gure Kaiola elkarteak antolatuta, babarrunen lehiaketa gastronomiko herrikoia ere izan da Alondegia plazan, 22 bikoteren parte hartzearekin.
Eta, nork prestatu ditu Tolosako babarrun goxoenak? Bada, epaimahaiaren iritziz, Juan Mari Aramendi eta Gema Aramendi izan dira babarrun onenak prestatu dituzten sukaldariak.
Aurten, lehenengoz, pintxo solidarioak ere saldu dituzte, eta Senegalgo KelleSensa elkarteari emango dizkiote irabaziak, bere garapen proiektuei bultzada bat eman asmoz.
Musika eta festa Tolosako kaleetan
Euriak ez du kaleko giroa zapuztu. Dantzariak, fanfarreak, trikitilariak, erraldoi eta buruhandiak eta txarangak ibili dira kalez kale, eta Tolosako tabernak kuadrillaz lepo izan dira. Eguerdian ere, babarrun jateak ospatu dira nonahi. Eta… oraindik ez da festa amaitu!