Usted está aquí

HARAGIren bigarren edizioarekin, Tolosa parrillaren hiriburu bihurtu da

14/05/2019 |

 

Tolosako HARAGI —Haragiaren eta Txingarraren Nazioarteko Topaketaren bigarren edizioa benetan arrakastatsua izan da.  24 orduz baino gehiagoz ia etenik gabe haragia erretzen egon eta gero, jaialdian partaidetza handia, eguraldi ona eta giro hobeezina nagusitu dira.

 

Beste behin, Euskal Herria plazako showcooking eta dastaketetara ehunka pertsona bildu dira.

Larunbatean, Diego Pérez Sosa uruguaiarrak Pampako plater tradizional deigarriarekin arrakasta itzela lortu zuen: txerrikume ontzutua anana ketuarekin. Txomin Parrillak 75 bat kiloko behi-hanka erre zuen eta denak harrituta utzi zituen, kako batetik zintzilik erretzen zuen lehenbiziko aldia baitzen.  

 

 

 

 

 

 

 

 

Yilmaz Öztürk eta Carolina Carriel eta Isidora Díaz sukaldariek ere arkume bana erre zuten, guztien gozamenerako. Öztürk larunbat gaueko sentsazioa izan zen, Cag Kebab turkiar erreekin. Igande eguerdian, berriz, Txileko sukaldariak izan genituen arkume-pintxoak ongarri txiletarrarekin eskainiaz.

Elkarte gastronomikoetako boluntarioek ere aipamen berezia merezi dute. Une oro lau sukaldariburuei laguntzeko prest egon ziren, ikasketaren eta umorearen sinbiosi perfektua eginez.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Txuleta, izar handia

Tolosan beste modu batera izan ezin zitekeenez, txuletak protagonismo handia izan du. SUA gunean ehun bat pertsona bildu ziren Tolosako lau erretegien eskutik txuleta erretzen ikasteko. Oso harrera ona izan zuen.

Larunbat gauean, txuleta-pintxoak dastatzeko aukera eman zen, Joxe Mari Barriola  harakinaren txistorra edo Josean Goyaren hanburgesa kasu. Ilarak 23:00ak arte iraun zuen kasik.

Igandean, Tolosako Merkatuan jada klasiko bihurtutako bazkariak amaiera eman zion haragiaren eta txingarren festa handiari. Ia 300 pertsonek hitzordua izan zuten erretegietako txuletaren menu tradizionalaz gozatzeko, bertako parrilleroen eskutik. Eta bazkalondoa abesti herrikoiekin girotu zuenik ere egon zen.